Gutuna: “M8. Oiartzungo Gobernu taldeko emakumeon* adierazpena”

Oiartzungo udal gobernu taldeko lau emakumeek adierazpena plazaratu dute, Martxoaren 8aren harira
oiartzungo udal gobernu taldeko emakumeak

Arbelaitz, Cousillas, Azpiroz eta Lekuona.

Oiartzungo udal gobernu taldeko lau emakumeek adierazpen bateratua osatu dute, Martxoaren 8ko grebarekin bat egingo dutela jakinarazteko. Deialdiarekin bat egiteko arrazoiak eman dituzte idatzian.

 

M8. Oiartzungo Gobernu taldeko emakumeon* adierazpena

Aurtengo martxoaren 8a mundu mailako greba feministaren deialdiarekin datorkigu. Emakumeen kontrako indarkeriaren eta modu guztietako desberdintasun moldeen kontra, mundua geratzea da helburua. Emakumeen zapalkuntza iraunarazten duen sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistaren kontra, Oiartzungo Gobernu Taldeko emakumeok* ere planto egingo dugu.

Sexuaren araberako lan banaketak dirauen mundu honetan, lan feminizatuak dira gutxietsi eta ezkutatzen direnak. Ikusezinak dira lan horiek, aitortzarik gabekoak. Baita Euskal Herrian ere: bataz beste, Hego Euskal Herriko emakumeok urtean 7.500 € gutxiago irabazten dugu gure lanaren truk; lanaldi partzial eta behin-behineko kontratuen %76,3 dugu; ostalaritza eta merkataritzako zerbitzu prekarioetan lan egiten dutenen %59a gara; bigarren mailako soldatekin prekarietatera kondenatuta gaude; doako zaintza lanak gure gain daude; etxeko langileen %87a emakume etorkinak dira -asko, kontraturik gabe-; 2017an, 7 emakume eta bi adin txikiko hil zizkiguten; bi egunetik behin sexu eraso bat salatzen da Euskal Herrian… Gertakari hauek ez dira ez isolatuak eta ez kasualitatea.

Erabateko burujabetza eta egiazko demokraziarik ez dugu izango Euskal  Herrian genero berdintasunik gabe.

Honengatik guztiagatik, mugimendu feministak martxoaren 8rako lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo arloetan deitu duen greba feminista deialdiarekin bat egingo dugu Gobernu Talde honetako emakumeok*. Emakumeok pairatzen dugun bazterkeria agerian uzteko, sistema patriarkala eta kapitalista salatzeko eta, emakumeok dagokigun protagonismoa hartzeko balioko du.

Ordezkaritza dugun erakundean ere, Oiartzungo Udalean, planto egingo dugu. Gure Gobernu Taldeko gizonek ere, eurei dagokien posiziotik, M8ko greba feminista babestuko dute. Horretarako, emakumeok* M8ko ekimenetan aktiboki parte hartzeko aukera izan dezagun lan eta pertsonal mailan inplikatuko dira eta bat egingo dute mugimendu feministaren deialdiekin.

Gure aldetik, oiartzuarrak M8an mugimendu feministak antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu. Ezinbestekoa delako mundua geratzea, mundua mugiarazteko. Horregatik, guk ere planto!

Eneritz Arbelaitz Sarasti, Domi Azpiroz Ubiria, Josune Cousillas Aramendi eta Agurtzane Lekuona Agirretxe.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend