TAO-ko langile bati arrazoia eman dio epaitegiak

Txiki Muñoz TAOko langileekin.

Txiki Muñoz TAOko langileekin.

Donostiako Sozial arloko 4. epaitegiak Errenteria-Oreretako TAO zerbitzuko langileen kaleratzeen gaineko lehenengo sententzia eman duela jakinarazi du Oarso Bidasoko ELA sindikatuak. Horren arabera, langilearen alde egin du epaitegiak, eta ELAk azaldu duenez Errenteriako Udala zigortu du bakarrik epaitegiak, ” langileari dagokion kalte ordaina ordaindu beharko dio edo bere lanpostuan berriro hartu beharko du”.

Udalak  garabi eta TAO zerbitzuak publifikatuko zituela jakinarazi zuen joan den ekainean. Erabakiaren aurrean hainbat protesta eta greba egin zituzten TAO zerbitzuko bederatzi langileek, azkena, irailaren 25etik abenduaren 5era bitartean, joan den abenduaren 6an udalak TAO zerbitzua eskaintzen zuen enpresarekin zuen hitzarmena amaitu zen arte.

Langileek epaitegietara jo dute, banaka, eta orain egindako lehen epaiketaren sententzia heldu da TAOko langileari arrazoia ematen. Epaia ez da irmoa, eta udalak errekurtsoa egiteko aukera du Auzitegi Nagusian. Bederatzi langileek jo dute epaitegira, eta oraindik, beste zortziren epaiketa eta sententzia falta dira.

Ion Urkola Oarso Bidasoko ELAren zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, udalarekin harremanetan jarri da sindikatua: “Epaia jakinarazi, eta egoera berri honen aurrean zein jarrera hartuko duen ezagutzeko”.

Udalaren helegitea

Udalak prentsa ohar baten bidez jakinarazi du Sozialeko epaitegiko 4. aretoaren epaia errekurrituko duela. Gaineratu duenez, ez dator bat ebazpenaren edukiarekin, ” Errenteriako udaltzainek dagoeneko egiten dituzten hainbat lan eta jardun ez dituelako aintzat hartu, herriko trafikoaren ordenazioaren gainekoak, zehazki. Funtzio horien barruan daude gure herrian aparkatuta dauden ibilgailuen kontrol lanak, esaterako. Hain oinarrizkoa den udaltzainen lanaren gaineko kontzeptualizazio akats horrek eraman du ebazpen honetan udala zigortzera”.

Horrenbestez, helegitea aurkeztuko duela Euskal Autonomi Erkidegoko Epaitegi Goreneko Sozialeko Salaren aurrean jakinarazi du udalak. Bestalde, langile ohiak eskatzen zuen “baliogabetasuna” ez duela onartu ebazpenak gaineratu du udalak, ” subsidiarioki eskatzen zuen desegokitasuna estimatu du”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend