Erriberaren eta zure etxeko sukaldearen arteko zubia, prest

Errigoraren olioaren eta kontserben kanpainak aurkeztu dituzte; hilaren 20ra egin daiteke eskaera, Oarsoaldeko puntu askotan
errigora oarsoaldea

Kanpaina Labore Oarsoren egoitzan aurkeztu dute.

Ezberdintasun handiak daude Nafarroako Erriberaren eta Oarsoaldearen artean. Hala ere, bi eskualdeak lotzen dituen kanpaina berri bat martxan da. Errigorak, datorren udaberrian ere, Lodosako piperrak, Cascanteko olioa eta beste hainbat produktu eskainiko ditu. Nafarroako Hegoaldearen eta Oarsoaldeko etxeko sukaldeen arteko zubia eraikiko dute beste behin.

Gaur arratsaldean aurkeztu dute olioaren eta kontserben kanpaina, Labore Oarsoren egoitzan. Oiartzunen izanagatik, eskualdeko lau udalerrietako eragileetako ordezkariak bildu dira bertara.

Errigoraren filosofiaren baloreak nabarmendu dituzte. Lehena, Euskal Herriko produktuak eskaintzea da, urrutira joan gabe. Errigorak ametsak sortzen dizkiela ziurtatu dute: “Gure elikadura-beharrei erantzuteko gai den herria amesteko. Merkatuaren logika eroari ihes egin eta ingurumena errespetatzen duen nekazaritza-ekoizpen eta banaketa-eredua amesteko. Nafarroa hegoaldearen berreuskalduntzearekin amesteko”.

Kanpainetan egoten den auzolana eta sortzen dituen konplizitatea ere kontuan hartu dute. Gainera, produktuen euren berezitasunak zehaztu dituzte: oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak, ekologiko zein ez ekologikoak, euskaraz etiketatuta daude eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskuratzeko aukera egongo da.

Hilaren 20ra arte

Errigoraren kanpaina indarrean dago, atzotik. Eskaera egiteko epea hilaren 20an bukatuko da, eta eskualdeko hainbat txokotan egin daiteke (ikus zerrenda behean). Jaso eta ordaindu bi txandatan egiteko aukera egongo da aurten ere. Horrela, olioren txanda apirilaren hasieran izango da, eta kontserbena, berriz, ekainaren lehenengo egunetan. Aurten ere produktu eskaintza oparoa izango da (sakatu esteka ikusteko).

Aurkezpena Laboreren egoitzan egin dutenez, bertako eskaintza gogorarazteko aukera aprobetxatu dute. Horrela, eskualdeko produktuak, beste herrialde batzuetakoak —ahal bezain hurbilekoak—, zein Errigorako produktuak ere aurki daitezke. “Labore elkartearen ekarpena kanpaina soil batetik harago doan apustuan kokatu behar dugu”, aldarrikatu dute. Urte osoan dago irekita. Bihar ez, ordea, greba feministarekin bat egin baitute.

Horregatik, erabaki dute Laboreren egoitza (Ihurrita bidea, 14, Oiartzun; Ugaldetxoko futbol zelaiaren ondoan) dela olio botila eta kontserba loteen eskaerak jasotzeko tokirik aproposena.

Bukatzeko, Errigorak sei urtetan zehar egindako ekarpena txalotu nahi izan dute: “Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Euskal Herriko produktu propioen ezagutzan eta kontsumoan emandako aurrera pausoa. Elikadura burujabetza ardatz harturik: elikagai osasuntsuak, bertakoak eta prezio justuak. Ezin aipatu gabe utzi Errigorak honetan izan duen eragina eta ekarpena!”.

Eskaera egiteko puntuak

Oiartzun
  • Haurtzaro Ikastola.
  • Elizalde Herri Eskola.
  • Intxixu AEK.
  • Oarso Labore elkartea.
  • Auzokalte elkartea.
  • Iturriberri elkartea.
  • Elorsoro Kiroldegia.
  • Oiartzungo Udala.

Errenteria-Orereta

  • Orereta Ikastola.
  • Xenpelar AEK.
  • Lau haizetara elkartea.

Pasaia

  • Pasaia-Lezo Lizeoa.
  • Txirrita AEK.
  • Pasaiako kultur etxea.
  • Basari elkarte.
  • Leunda taberna.

Lezo

      Oroitzene AEK.

 

    Pasaia-Lezo Lizeoa.
Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend