Opor egunetan Arditurrira hurbiltzeko gonbita luzatu du Parketxe Sareak; apirilaren 7an prezio murriztua eskainiko dute
Ohi bezala, Tren Berdean hurbildu daiteke meategietara.
Aste Santuko oporrak aprobetxatuz, jende askok herritik kanporako bidea hartzen du. Badira, arrazoi batengatik ala besteagatik,
herria zaintzen geratu behar dutenak. Parketxe Sareak eskaintza bat du eurentzako: kaskoa jarri eta Arditurriko meategietan murgiltzea.
Oiartzungo meategiek gordetzen duten ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da, asteartetik igande edota festa egunetara. Goizez egongo da irekita, 10:00etatik 14:00etara. Oinez, bizikletaz, autoz edo Oiartzungo Done Eztebe plazatik irteten den Tren Berdean (aurretik erreserba eginez) hurbildu daiteke bertaraino.
Apirilaren 7an, merkeago
Apirilaren 7an —larunbata— trenez hurbildu eta meategiak bisitatu nahi dituztenei prezio berezia eskainiko diete. Trena hartu eta oinarrizko bisita egiten dutenek bost euro ordaindu beharko dute —bost urtetik beherako haurrek, hiru—. Sakoneko bisita egiten dutenek zazpi euro ordaindu beharko dituzte. Egun horretan, trena Pagoaldea industriagunetik aterako da, Arditurriraino. Ordutegia ikusteko,
sakatu esteka.
Informazio gehiago nahi duenak edota erreserba egin, 943 49 50 89 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara dei egin dezake. Idatzi ere egin daiteke,
e-posta bidez.