Euskal Herritik kanpo etorritakoak euskarara hurbiltzeko saioak ematen ari dira, AISA proiektuaren barruan; Oiartzunen bi talde sortu dira
Intxixu-AEK-ren Fermiñeneko egoitzan egiten dituzte saioak.
Euskal Herritik kanpo etorri berriak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko asmoz, AISA egitasmoa martxan jarri zuten orain dela urte pare bat, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta eskualdeko AEK-ek.
Martxa onean doa AISA ikastaroa. Aurtengo ikasturteko bigarren txanda egiten ari dira Oiartzunen, eta bi talde osatu dituzte. Intxixu-AEK euskaltegian egiten dituzte saioak, eta Argentina, Espainia, Ginea, Venezuela, Maroko edo Herrialde Katalanetatik etorritakoek, besteak beste, hartzen dute parte. Goizez eta arratsaldez ari dira saioetan buru belarri, euskaltegiko kide Aintzane Toledo eta Ane Hormazaren gidaritzapean.
60 ordukoa izango da ikastaroa. Otsailaren 26an hasi zen ikastaroa, eta ekainaren 22an bukatuko da; astean launa ordu ematen ari dira.