TAO sistema berria apirilaren 3an jarriko du martxan udalak. Aurrerantzean, beraz, Udaltzaingoak gainbegiratuko du sistema
TAO sistema gainbegiratzeko moldatu dute udaltzain autoa.
TAO sistema berria apirilaren 3an jarriko du martxan udalak. Joan den abenduan amaitu zen TAO aparkaleku arautua kontrolatzeko zerbitzua emateko kontratua, eta udalak zerbitzua bere gain hartzea erabaki zuen. Aurrerantzean, beraz, Udaltzaingoak gainbegiratuko du sistema, Udaltzaingoko teknikariek mugikortasuna era adimentsuagoan kudeatu eta kontrolatzeko behar den ekipamendua instalatzen eta prestatzen amaituta.
Berritasunekin dator sistema berria. Aldikako TAO txartela birtuala izango da, sakelako telefonoarekin ordaindu ahal izango da, eta beraz, urte osoko titulurik ez duten erabiltzaileek aukera izango dute tasa ordaintzeko eskuko telefonoaren bidez,
El Parking izeneko aplikazioarekin. Aplikazio hori, gainera, Errenterian erabiltzeaz gain, Donostian eta Irunen ere erabiltzea izango dute. Aplikazio hori erabilita, ibilgailua aparkatua dagoen lekutik kentzerakoan ordaindutako zenbatekoa doitu ahalko dute erabiltzaileek, benetan erabili den denboraren arabera.
Tasa kaleko makinetan ordaintzen duten erabiltzaileek, gainera, ez dute nahitaezkoa izango txartela autoan jartzea.
Udalak jakinarazi duenez, hilabete amaieran gobernu taldeak Ordenantza Fiskalak aldatzeko proposamena eramango du udalbatzara. Azken hori, onartu eta indarrean sartu ondoren, lehen hamabost minutuak doakoak izango dira. Doan izanik ere, gidariek, ibilgailuaren matrikularen datuak sartu beharko dituzte
El Parking aplikazioan edota kaleko makinen bidez, bestela ibilgailua arauz kontra aparkatuta dagoela joko baitute.
Sistema berriarekin ibilgailuen erdiguneko zirkulazioaren kudeaketa hobetuko dela uste du udalak.