Aldundiak Lekuonan izango duen parte hartzea zehaztu du behin betiko. 2.436.963 euroko inbertsioa egingo du Kultura departamentuak.
Julen Mendoza alkatea eta Denis Itxaso Kultura diputatua.
Lekuonaren gaineko hitzarmen berria sinatu dute Gipuzkoako Foru aldundiko Kultura departamentuak eta Errenteriako Udalak, eta horren arabera, aldundiak Lekuonan izango duen parte hartzea zehaztu du behin betiko. 2.436.963 euroko inbertsioa egingo du Kultura departamentuak. Zenbateko hori aurreko hitzarmenaren barruan ordaindu zuen aldundiak, eta proiektu berria bideratuko dute orain.
Bi erakundeek 2016ko abenduan egindako protokoloan jaso zuten asmoa gauzatuko da. Azken horrek, Lekuona, arte eszenikoen zentro garaikidea bihurtzeko 2014ko hitzarmena aldatu zuen. Haren ordez, sorkuntza intelektual, teknologiko, artistiko eta zientifikorako asmo handiko espazio bat sortuko dute
Lekuona fabrika zaharrean. Mediateka, sorkuntza liburutegi modernoa, erakusketa aretoa, eta hitzaldi edo topaketetarako eta errenteriarren eta Oarsoaldea eskualde osoaren beharretara eta interesetara egokitutako beste erabileretarako hainbat espazio izango ditu Lekuonak.
Pasa den otsailean esleitu zuen proiektua udalak, eta 48 astean amaituta izatea aurreikusi du, 2019 urte hasierarako.