Kultur lokal berria aurreikusi baino lehenago egin dute. Kale Nagusian dago, bi sarrera izango ditu. Herriko eragileek eta udalak elkarlanean landu dute.
Honako itxura du kultur lokal berrituak.
Kale Nagusiko kultur lokal berria aurreikusi baino lehenago bukatu dute, lan nagusienak behintzat egin dituzte. Detaile txikiak falta dira guztiz eraberritua egoteko.. Urtarrilean hasi zituzten lanak.
Udalak zehaztu duenez, barandak jartzea, leihoetan biniloa jartzea eta gisa horretako lan txikiak besterik ez dira falta azpiegitura berria guztiz prest egon dadin. Hala, udalak eta herriko kultur eragileek elkarrekin abiatutako bidea bukatzear da: biek elkarrekin lokalaren banaketa eta itxura adostu dute, beharren arabera.
Erabileraren araberako gune ezberdinak ditu lokalak, bakoitzak bere zoru propioa duela. Horrez gain, biltegiak, aldagelak eta bertan jarduerak egiteko (entseguan eta bilkurak batik bat) beharrezkoa den guztia jarri dute, LED erako argiak barne. Bi sarrera izango ditu lokalak.
Udalak nabarmendu du kultur azpiegitura berria udal gobernuak herriko kultura sustatzeko duen apustuaren barruan dagoela. Gainera, ziur azaldu da Kale Nagusiari bizitza emango diola.