Zarataren gaia lantzen ari dira Lezoko ikastetxeetako ikasleak Eskola Agenda 21en barruan. Landutakoa hautetsiei helaraziko diete ikasturte bukaeran.
Landutakoaren ondorioak ikasturte bukaeran helaraziko dizkiete ikasleek udal ordezkariei.
Eskola Agenda 21en barruan, zarataren gaia lantzen ari dira Lezoko ikasleak. Lezo Herri Eskolako, Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko gaztetxoen zeregina izaten ari da herrian dauden zarata guneen berri jaso, horrek pertsonengan duen eraginaz gogoeta egin, eta proposamenak lantzea. Horretarako hainbat baliabide eta jarduera ari dira egiten.
Behin egindako lanaren ondorioak ateratzen dituztenean, udalarekin partekatuko dituzte horiek guztiak udal ordezkariekin batera egingo den foroan. Horiei erantzuna emateko epea pasata, berriz ere bilduko dira hautetsiak ikasleekin, ea zein neurri har daitezkeen aztertzeko. Iazko ikasturtean antzerako prozesua burutu zuten, kasu hartan mugikortasun iraunkorraren gaiarekin.
Prozesua
Hasteko, ikasleek euren ikastetxeetan zarataren egoera eta iturriak zein diren aztertu dute, besteak beste, sonometro baten laguntzarekin. Kalean ere egin dituzte neurketak, herrian, eta hainbat irteera eginez. Bide horretan hainbat euskarri sortu dituzte, tartean bideoak, irrati saioa, edo musika eta soinua lantzeko tresnak.
Irteeretan, zarataren gaiaz gain, beste hainbat lantzeko aukera izan dute. Hala, DBHko ikasleek bizikleta martxa egin zuten Lezotik Oiartzungo Arditurrira bertako interpretazio zentroa eta meatze gunea ezagutzeko; Herri Eskolako Lehen Mailako ikasleek, aldiz, Añarbeko araztegia ezagutu zuten uraren kontsumoaren gaineko gogoeta bultzatuz haiengan; Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek ere egin zuten irteera, Iturraran parketxera, ogia egiten ikasi eta bertako soinuak identifikatzera.