Udalaren artxibo zaharrak: Generoaren historia Oiartzunen
XVII. mende amaiera eta XVIII. mende hasierako Oiartzunen emakumeari buruzko hainbat datu jaso dituzte artxibotik
Generoaren historiaz: emakumeari buruzko hainbat datu, XVII. mende amaiera eta XVIII. mende hasierako Oiartzunen
Martxoaren 8an izan zen mundu mailako greba edo plantoaren ildotik, aste batzuetako atzerapenarekin bada ere, aurreko mendeetan udal-aktetan emakumeei buruzko informazioa bilatzeari ekin diogu. Dokumentazioa aztertuta, gizonezkoek gobernatutako gizarte baten aurrean gaude; emakumea bigarren mailako protagonista da. Informazioak, askotan zeharkakoak, sakabanatuak dira. Udal-aktetan emakumeari edo horrek gizarte hartan zuen paperari buruzko informazioa ez da topatzen erraza. Dena den, aktak ez dira basamortu bat.1.- Gizartea
Emakumearen papera filosofia, erlijio edo zuzenbidearen ildotik oso baldintzatua zegoen. Asko ziren bere izaera maltzurra eta gizonenganako zuen mendekotasuna salatzen zuten idatziak. Lege edo arau aldetik haien portaera kontrolatzeko ekimenak azalduko dira, bai elizari lotutako esparruan, baita alor zibilean. Aktak adibidez josita daude. Ildo nagusietako bat jende ugari biltzen ziren leku eta uneetan bi generoen banaketa bermatzea zen, moraltasunaren eta Elizaren arauen izenean. Jende andana biltzen zen plaza inguruetan, benta, taberna eta sagardotegietan. Esparru horietan bi sexuen arteko harremanak arautzeko hamaika ekimen eman ziren. 1699an, adibidez, danbolinjole edo txistulariei Bailarako hiru plaza nagusitan bakarrik jo zezatela agindu zitzaien, eta ez edozein auzune edota baserritan. Agidanez, sagardo salmenta egiten zenean, musikariak leku horietara joaten ziren, bertan neska-mutilak elkartuz eta “mucha desorden y cometer muchas ofenssas de Dios”. Emakumea ez zen horren errudun ikusten; musikariak ziren jendea aztoratzen zutenak. Momentu handiek portaera zalantzagarri edo lizunetarako aukera ematen zuten. 1691n, Egunsentiko meza ohikoa baino goizago egitea erabaki zen, baina mezetara joateko aitzakiarekin, neska-mutil gazteak elkarrekin zebiltzan, ordutik kanpo eta jenderik gabeko lekuetan. Gobernuak hori debekatu zuen eta, gurasoen eta nagusien ardura eskatu zuen, seme-alaba eta mirabeekiko. Sexuen banaketa ez zen espazio zibiletan bakarrik eman. Sinbolismo berezia zuten lekuak horren lekuko izan ziren. Elizako koru azpian, bataiarriaren inguruan eta bankuetan gizonak eta emakumeak elkarrekin egotea eta esertzea behin baino gehiagotan galarazi zuten. Neurri horiek XVII. mende bukaeran areagotu ziren, 1690 urtetik aurrera. Antzeko xedapenak hilerrirako bidean zeuden eskailerei edo hileta-segizioei ere bai eragin zieten (1688). Halako arauak orokorrak ziren, baina izan ziren zehatzagoak: 1695ean, adibidez, Ostegun eta Ostiral Santuz, Kristoren Heriotza ospatzean, emakumeei aldare nagusiko eskaileretan egotea debekatu zitzaien. Genero zatiketa ospitalean ere gertatu zen. 1697ko abuztuan argitaratutako aginduek emakume zein gizonentzat berezko lekua egokitzeko asmoa zuten. Ospitaleko maiordomo zen Juan Arrondoren eskaera aintzat hartuta egin zen eta helburua iskanbilarik gabeko egoera bilatzea zen, bare eta baketsua, jendeak lo egin zezan. Bi urteren buruan ospitaleak banatu gabe jarraitzen zuen. Handik gutxira udal-kartzela izan zen helburu. Ziegetara bideratzen ziren udaletxeko gelak oso egoera kaskarrean zeuden. Emakumezkoentzako kartzelarik ez zegoenez, 1700eko otsailean bat egitea erabaki zen, horretarako udaletxeko gela bat ziega moduan atonduz. Uztailerako lan guztiak amaituak zeuden. Ezkongabeak ziren baina bikote-bizimodua zeramaten gizon-emakumeak Bailaran ugariak ziren Erdi Aro bukaeratik gutxienez, 1499ko ondasunen estimazio-liburua edo errolda lekuko. Orduan burutu zen erroldak halako bikoteen edo neska “amorante” horien egoera eguneratu zuen, maila fiskal berria ezarriz. Berrehun urte beranduago errealitate horrek indarrean jarraitzen zuen. 1692ko uztailean, gizonekin bizi ziren emakume ezkongabeak 20 eguneko epean ezkondu zitezela agindu zen eta gizon ezkonduekin harremanak zituztenak 8 eguneko epean Bailaratik ateratzeko asmoa agertu zen: “que todas las mugeres corrutas que están en este valle se casen dentro de veinte días corrientes desde oy, y las mujeres que tratan con onbres casados salgan dentro de ocho días de este valle, pena para todas de que se pondrán a la bergüenza pública”. Bi urte beranduago, 1694ko urtarrilean, antzeko xedapenak plazaratu ziren. Oraingoan ohaideei bakarrik egiten zitzaien aipamena -apaiz eta gizon ezkonduen ohaideei-: “que ninguna muger corruta, amanzeuada o que dé mal exemplo con clérigo, hombre casado o con otro de qualquiera estado no admita ninguna persona en su casa y que salga de este valle dentro de nuebe días, con aperzeuimiento que se sacará públicamente del dicho Valle”.2.- Ogibideak eta jardunak
Udal akten beste esparru batek emakumeen jardunarekin zerikusia du. Oiartzunen XVII. mende bukaera arte oso ohiko zen limosna-biltzaileak izendatzea. Maiatz-neska edo maiatz-andere izena zuten, jarduna hilabete horretan burutzen zutelako. Bederatzi dontzeila ziren izendatutakoak, auzune edo plaza bakoitzean hiru; 1691n adibidez, Mariana Seinen alaba naturala izendatu zen, nahiz eta horrek onartu nahi ez. Bildutakoarekin Corpus ospakizunetarako argizaria erosten zen eta elizaren bestelako gastuei aurre egiten zitzaien. Maiatz-andereen usadioak ez zuen ortodoxia katolikoan oso iritzi onik eta Iruñeko gotzainak, 1692ko apirilean halakoen izendapena debekatu zuen, “yndezenzias, liuiandades y graues ynconuenientes y ofensas de Dios, nuestro Señor” zirela eta. Irailaren 23an epaia eman zuen: agindua bete ezean, eliztarrek ohiko sakramentu eta otoitzak hartu eta egiteko eskubidea galduko zuten. Bailara ez zen erabaki horrekin ados egon eta izendapenekin jarraitu zuen. Apirilean hori egiteko asmoa agertu zuen, baina ortodoxia usadioei gailendu egin zitzaien, maiatz-nesken azken berriak 1694koak baitira. Produktuen salmenta eta elikagaien ekoizpenari lotuta agertuko zaizkigu emakumeak udal aktetan: saltzaile, okin, bentari edo tabernari. 1681eko urtarrilean udalbatzaren aurrean “diferentes mugeres que benden por menor en sus casas y tiendas bacallao, sardinas, grasa de ballena, tauaco, aguardiente, papel y otras menudenzias” azaldu ziren; 1693an, Bailarara iristen ziren fruta, barazki, arrain eta bestelako elikagaien emakume-saltzaileei aipamena egiten zitzaien (“bendedoras que binieren a este valle con fruta, ortaliça, pescado y otros qualesquier género de bíueres“). Askotan aipamen orokorrak dira, baina beste hainbatetan izen-abizenak iritsi zaizkigu; 1704ko abenduaren 17 eta 25 arten ardoa saldu zutenak, adibidez, honakoak ziren: Maria Josefa Zugasti, Maria Josefa Olano, Mariana Zuloaga, Maria Ignazia Larrea eta Maria Akerreta. Okin eta tabernariak dokumentazioak emakumearen munduari estuki lotuta aurkezten dizkigu. Ogibide horien gaztelaniazko aldaera beti emakume-generoari lotuta ageri da: “panaderas” eta “taberneras” aipatzen dira beti, inoiz ez “panaderos” edo “taberneros”. Bi sektore hauen aipamena ia etengabekoa izango da udal-aktetan, urtero udalbatzak adostutako prezioak baino garestiago ez saltzeko agindua ematen baitzitzaien, edota ogia ongi oratu eta egitekoa. Halaber, eliza, baseliza edo bestelako lekutan abandonatzen ziren haurren inude moduan ikusten ditugu, Susana Olaizola 1709an bezala. Emakumeek esparru politikoan jardutea debekatua zuten eta udal-errenten partaidetzan ere oso paper xumea izan zuten. Dakigula, Oiartzunen ez dugu errentamenduan partaidetza zuzenaren zantzurik; bai, ordea, fidatzaile bezala: Martin Oiartzabalek udaletxeko arotzeria-lanak burutzeko aurkeztutako fidantza eskrituran (1674ko azaroaren 15ekoa), bere emazte Maria Albiztur eta, Matias Fagoaga eta Frantziska Azkue senar-emazteak agertu ziren bermedun gisa. Azken bikote hori jardun berean aritu zen urte batzuk beranduago, 1690eko apirilean, Sebastian Azkue zaharrari dohainezko zerbitzuen gaineko sariaz gain, alkabala eta pisua eman zitzaizkionean. Mugak muga, emakumeak gizartearen ezinbesteko zati ziren eta komunitatearen partaide izaki, horren beharretara joateko obligazioa zuten. Auzolanetan beraien partaidetza guztiz errotua zegoen bideak garbitzen, lurra kentzen edota herri-lanetan. 1675eko apirilean, auzo bakoitzak beren etxetik neskame bat bidali zezala adostu zen, sakristiako lurra ateratzeko lanak aurreratzeko. Ugarte oinetxetik Aldako teileria zaharrerako errege- eta gurdi-bidea hobetzeko asmoz, 1702ko irailean deialdia egin zen. Altzibar plazako eta inguruetako neska eta emakumeei deitu zitzain eta Arkotza barrutiko jende guztiari. Idi zein zelaberarik zutenek, horiekin joan beharko zuten; gizonezkoek, aitzurrarekin; emakumeek, saskiekin. Antzeko mandatua egin zitzaien Elizaldeko ospitale atzeko lurra kendu eta hilerrira eramateko: Elizalde eta inguruetako etxe bakoitzetik pertsona bat joango zen, gizonezkoek beraien aitzur eta palekin lanak egiten zituzten bitartean, emakumeek material-garraiolari moduan arituko ziren, saskiak erabiliz.3. Alfabetizazioa?
Bileren erregistroak biltzen dituzten sortek, bestelako dokumentuak ere gordetzen dituzte; erakunde zein pertsonek udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera edo gutunak, eta horietan, emakumeak ere protagonista dira. Hor ditugu baimen eskaera desberdinak: otea mozteko, enborrak hartzeko, harria idokitzeko… Baimen horiek eskatzaileek edo eskribau batek idazten zuen, baita izenpetu ere, pertsona horrek eskaera egiten zuela frogatzeko. Oiartzungo akta liburuetan gordetzen diren 490 eskaera edo baimen idatzietatik, gehienek gizonezkoak dituzte protagonista. Emakumeen ekimenez sortutakoak oso gutxi dira, 16 inguru (%3,2). Bakarrik edo gizonezkoekin batera ikus ditzakegu. Emakume oiartzuarrak protagonista bakarrak diren adibideak hamar dira, eskritura guztien %2. Gizon-emakumeak bost eskaeratan ditugu, dela senar-emazte moduan, dela negozio berean sartuak zeuden pertsona bezala. Eskritura hauetan gizonezkoa da sinatzaile eta zuzeneko eskatzaile; emakumearen izenean dihardu. Adibide moduan, hor ditugu Martin Intxaurrandieta eta Maria Martin Sein senar-emazteei, bikote ziren Juan Arrondo eta Maria Juan Indarti eta egoera zibil berean zeuden Jose Aldako eta Maria Teresa Etxeberriari emandako baimenak, hurrenez hurren 1669, 1697 eta 1709 urteetakoak. Lotura zibilik gabeko protagonistak dituzten idatziei dagokienez, Olaberria burdinolako errentari Martin Ariztizabal eta Maria Josefa Bengoetxeak 1708an lortutako baimena aipa dezakegu edo 1704ko martxoan, Frantzisko Zaletak eta Isabela Eizagirrek udalbatzari zuzendu zioten otea mozteko eskaera. Sinadura egokiak, erdipurdikoak edo txarrak ikus daitezke. Hor dugu, adibidez, Teresa Maria Agirre Gamarrak Isasola burdinolaren gabi nagusiarentzat bi kirten edo ardatz egiteko egurra eskatu zuenekoa, 1686ko abenduan. Dokumentua egoera kaskarrean badago ere, argi dago Teresak sinatzen zuen bitartean, testua beste pertsona batek idatzi zuela. Emakumeen eskaeretan agertzen diren sinadurei so egiten badiegu, lehen begiratuan sinatzen dakiten emakumeetatik gehienak primeran egiten dutela ematen du; eginkizun horretan ondo heziak daudela dirudi. Hor ditugu 1658ko Margarita Oloskoagaren sinadura, Añarbe etxea berreraikitzeko baimen-eskaeran; 1686ko irailean Maria Belez Iriberrik aurkeztutako idatzian ageri zaiguna; 1706 urriaren 23an su-egurrerako beharrezkoa duen materiala mozteko baimena lortzen duen Maria Josefa Laskanbururen kasua; 1708ko apirilean teileria eta laberako otea eskatzen duen Maria Josefa Ibarbururen idatzia; hilabete batzuk beranduago, urte bereko abenduan, Klara Ibarburu alargunaren su-egur eskaria; edota 1709ko otsailean Maria Martin Intxaurrandietak otea mozteko asmoa agertzen duen agiria. Kasu horietan guztietan emakumeek beraiek eskaeraren mamia ere idazten dutela ematen du, testua eta sinaduraren hizki motak bat baitatoz. Guztia, ordea, ez da horren argia. 1676ko apirilean otea mozteko baimena lortzen duen Margarita Zuaznabarren kasuak tentuz ibiltzera garamatza. Bere adibidean eskaerak, sinadurak eta udalbatzaren erantzunak esku berdinak idatzitakoak dirudite. Udalbatzaren erabakia Juan Magierena Zubieta udal-eskribauak berresten badu ere, testuaren mamia ez da berak idatzitakoa, ez baitator bere hizki moldearekin bat; beste sinadurak ikusita, idatzi osoaren letrak Ignazio Makutsoren izenpekoaren antza du. Urte batzuk beranduago, 1690eko azaroan haritzak mozteko baimena eskatzen zuen Maria Josefa izeneko andrearen kasua ere ildo horretatik ulertu behar dugu. Testuaren mamiak eta sinadurak liburu horretan zehar hainbat alditan ageri zaigun beste letra mota bati dagozkiola ematen du, Frantzisko Arpide eskribauarenari. Egoera bertsuan dugu 1704ko abenduaren 24an ageri zaigun Olaberria burdinolako errentari zen Maria Josefa Bengoetxea. Eskaera, sinadura eta udalbatzaren erabakia idazkera berdinaz osatua dagoela ematen du. Emakume oiartzuar hauen alfabetizazio maila goren honi lotutako beste zalantza haien sinaduren arteko alderaketa bat eginez sortzen da. Maria Josefa Bengoetxeak eta Maria Josefa Laskanburuk egindakoek antz handia dute, esku berak egindakoak dirudite; baita Maria Josefa Ibarburu eta Maria Martin Intxaurrandietarenak. 1691ko maiatzeko Bordaberri basetxearen eta ondoan dituen udal-lursailen mugarritze autoak irakurtzen baditugu zalantzak eta galderak areagotu egiten dira. Eskaera Maria Belez Iriberriren eskutik dator. Bere sinadura 1686an ageri zaigu eta bost urte beranduago beste horrenbeste egiten du. Sinaduraren, eskaeraren eta autoen letra-mota berdina da. Autoak, teorian, urte hartan udal-eskribau zen Frantzisko Arpidek izkiriatu zituen. Badakigu, baina, hori ez zela benetan gertatu, Arpideren sinadura eta autoen idazkerak ez datoz bat, nahiz eta Arpidek, berak idatziak izan zirela adierazi. Bera izan ez bazen, logikoena bere ikasleren batek idaztea zatekeen, edo Bailarako beste eskribau batek. Halakoak uste baino ohikoagoak dira. Baina 1691 urteko dokumentu honetan, autoak eta Maria Belezen eskaera (eta sinadura) esku berak egindakoak dira. Teorian, eskaerek balio juridikoa izateko, eskatzaileen sinadura ekarri beharko lukete; idazteko gai ez izatekotan, beste pertsona batek sinatuko zukeen, horren inguruan oharren bat adieraziz. Gaur egun ditugun ezagutza edo aurreiritziekin, normalena emakumeen ordez, eskaera horiek beste pertsona batzuek egitea litzateke. Gerta daiteke liburuetan ageri diren eskaerak originalak ez izatea, eskribau batek egindako kopiak baizik. 1704ko maiatzean, Bailarako beste auzo batzuekin batera eskaera-idatzi bat aurkeztu zuen Maria Josefa Bengoetxeak. 1707ko uztailaren 30ean Bengoetxeak beste ziurtagiri bat luzatzen zuen Oiartzungo udalbatzaren alde, azken honen aita San Juan Bengoetxea zenari alkabalagatik zor zion dirua ordaindu diola adieraziz. Bi agiri hauetakoa bere benetako sinadura da: bietan berdina da. Lehen begiratuan, eskaera hauen sinaduretan ageriko “faltsutze” bat zegoela ondoriozta daiteke. Hori dela eta, alfabetizazio prozesuak ikertzeko tentuz ibili behar da.