Hiru miloi pasako soberakina izan du altxortegian Errenteriako Udalak, eta horretatik bi miloi eurotik gora, inbertsio berriak egitera zuzenduko du orain.
Txasko eta Collar gaurko agerraldiaren aurretik.
Hiru miloi pasako soberakina izan du altxortegian Errenteriako Udalak, eta horretatik bi miloi eurotik gora, inbertsio berriak egitera zuzenduko du orain. Zehazki, 2.200.000 euro dira inbertsio berrietara bideratuko duena udalak, Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Jon Kollar Kultura zinegotziak gaur egindako agerraldian jakinarazi dutenez. Azpiegitura berriak egin, egun daudenak hobetu, eta enplegua sustatzera bideratuko dute diru hori nagusiki.
Proiektu estrategikoen artean Fanderiako Errotako Interpretazio Zentroa aipatu du Txaskok. Udalak 385.000 euro bideratuko ditu bigarren faseari ekiteko. Auzo berean, Fanderian, beste bi inbertsio egingo dituztela azaldu du, gainera: “Alde batetik igerilekuko klimatizagailuak aldatuko ditugu modernoagoak diren batzuengatik, eta bestetik frontoiaren pista berrituko dugu”. Igerilekukoa hobekuntzari 230.000 euro eskainiko dizkiote. Frontoian hobekuntzari dagokionean, aurrekontuan aurreikusitako diru zatiari, 75.000 euro gehituko dizkio udalak orain soberakinetik.
Galtzarabordako kiroldegia hobetze aldera ere egingo ditu udalak inbertsio berriak, bi zehazki: “87.000 euro bideratuko dira argi zuloak aldatzeko, eta kiroldegia handitzeko, berriz, erabilera anitzeko pista berria egingo dugu kiroldegi parean. Azken horretarako, 80.000 euroko inbertsioa egingo du udalak”.
Pontikako Barandiaran parkeko lurpeko aparkalekuaren proiektuaren obra eta zuzendaritzaren idazketara ere bideratuko du diru zatia udalak, “parte hartze prozesua egin genuen parkea bizilagunekin diseinatzeko. Soberakin honek orain, aukera ematen digu parkearen azpian aparkalekua planteatzeko. Bizilagunekin partekatu dugu eta ados daude proposamen horrekin”. Pontika auzoan aurreikusitako aparkaleku horrek bi solairu lituzke; lehenengoa TAO sistemarekin zabalik legoke herritarrei; eta bigarrena, berriz kostu prezioan zesioan hartuko lukete bizilagunek.
Beraun auzoan berriz, kultura etxearen ekipamendurako diru zatia aurreikusi dute.
Lana sustatu
Europako Gizarte Funtsak Gazte Enpleguko Programaren barruan Errenterialan proiekturako emandako 267.000 euroko diru laguntzari 23.000 euroko diru zatia gehituko dio soberakinetik udalak Collarrek, “Don Boscorekin lankidetzan egingo den proiektu horren barruan, prestakuntza jarduerak eskainiko zaizkie herriko 16 eta 30 urtearteko gazteei, azken horien enplegagarritasuna eta gaitasun profesionalak sendotze aldera”.
Ezustekoetarako diru zati bat ere gorde dute, baina beste hainbat jarduketa egitea ere aurreikusi du udalak diru horrekin, “irisgarritasunaren eta bizi kalitatearekin lotuta herritarrek egindako eskaerei erantzuteko”. Besteak beste, herriko komun publikoen sarea zabaltzen jarraituko dute, 70.000 eurorekin; mantenu eta hobekuntza lanetarako 200.000 euro gehituko ditu aurrekontuan; eta kudeaketa eta gardentasunera berriz, 28.000 euro bideratuko ditu ZU! herritarren arreta zerbitzuan.
Emaitzez mintzatu da Txasko, eta gakoa “kudeaketa egokia” dela esan du: “Finantza arloa ondo kudeatu izanaren ondorioz, egoera ekonomiko saneatuarekin eta aurrezki handiarekin itxi dugu ekitaldia. Aurrezki horri esker, soberakinaren zatu handi bat erabiliko da 2015 Plan Estrategikoaren proiektuak egiteko eta gobernu taldeak aurkeztutako Agintaldi Plana betetzeko”.