Pikoketak deituta, errepubikaren aldeko ekitaldia egin dute, II. Errepublikaren 87. urteurrenean; Maite Hernandezek jaso ditu banderak
Maite Hernandez Martinek, banderak jasotzeaz gain, lore sorta jaso du, Jesus Aizpuruaren eskutik.
Orain dela 87 urte, Eibarren, aldarrikatu zuten II. Errepublika. Urtero bezala, Pikoketa Oarsoaldeko errepublikazaleen elkarteak ekitaldia egin du Errenteria-Oreretako Herriko Plazan. Xumea izan da, baina emozioz betetakoa.
Ekitaldia hasi baino lehenago, soinu banda errepublikazaleak girotu du herriko plaza nagusia:
En la plaza de mi pueblo, Riegoren ereserkia,
Internazionala… Dena prest zegoenean, lehenik eta behin, Pikoketako bi kidek, euskaraz eta gazteleraz, 1936ko Gerra —eta ondorengo errepresioa— pairatutako Antonio Prior eta Miren Mendarte gogorarazi nahi izan dituzte.
Iazko abenduan hil zen Prior, eta
Mendarte pasa den hilabetean. Omenaldi txiki bat egin nahi izan diete, eurei biei, baita ere urte luzez errepublikaren kausa bizirik mantentzen duten horiei.
Errepublikaren baloreak aldarrikatu dituzte, baina ez nostalgiatik, baizik eta gaur egunerako balio duen estatu eredu onena dela iritzi dutelako. “Errepublikan sinesten dugu, pertsona libreak izango dituena, ustelkeriarik gabekoa, jendearen aldekoa. Demokratak garelako egiten dugu errepublikaren alde”, esan dute Pikoketako kideek.
Horrela, errepublikak inoiz baino zentzu handiagoa duela berretsi dute, eta antolamendu politiko horren balore batzuk zerrendatu dituzte: “Herritarren duintasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, plurinazionaltasunaren errespetua, garapen iraunkorra bermatuko duena, lan eta gizarte eskubideak bermatuko dituena, laikotasuna…”.
Alabergarra, omenduta
Ondoren, Maite Hernandez Martinen txanda izan da. 1934an jaio zen, eta ibilbide luzea egin du —egiten ari da— emakumeen mugimenduan zein bere auzokoan (Alaberga). Bera izan da II. Errepublikaren hiru koloredun bandera zein ikurriña jasotzeko ardura izan duena, txalo artean. Hunkituta, bertaratu direnei muxuak eskainiz igo ditu bi banderak mastaren goiko alderaino. Jesus Aizpurua militante beteranoak lore sorta bat eman dio Hernandez Martini. Loreen koloreak, noski, gorri, hori eta moreak ziren.
Eta poteoaren ordua zenez, patata tortilla pintxoekin eta sagardo tragoxkekin bukatu dute gaurko ekitaldia.