Gutuna: "Zergatik ez kotxeretan?"
Jendeaurreko gutun honen bidez, Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politiko guztiei aurretik hartutako erabakiak zuzendu eta Arramendiko parkean berdegune gehiagorik ez galtzea ahalbidetu dezatela eskatu nahi diegu. Jakin izan dugunez, 2014an Arramendiko parkearen eremua milaka metro koadrotan murriztu zen; gainera, 2010ean Udalak Eusko Jaurlaritzari parke barruan zegoen lursail bat eman zion eraikin dotazional bat eraiki zezan. Ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzak eraiki ahal den lursail urbanizatua baldin badu (topoaren kotxeren eremuaz ari gara), zergatik ez duen berau aprobetxatzen Arramendiko parke barruan eraiki beharrean. Ez dakigu erabakiak hartu zirenerako bazekiten kotxerak Irunera eramango zituztela. Gure ustez, erabaki horiek ez ziren egokiak izan. Halere, ez dugu sartu nahi orduan “justifikatuak zeuden ala ez” eztabaidan. Jakin badakigu, kotxera horietan aipatu eraikin dotazionala eraikitzeko adina espazioa badagoena, Arramendiko parkeari eta, ondorioz, Errenteriako bizilagunei kalte egin gabe, dugun hiri-parke bakarrean gozatzeko espazio gutxiagorekin geratzea ekidinez. Plan Orokorra onartu zenetik 14 urte pasatu dira, 8 urte aldaketa onartu zenetik, 6 urte Plana gauzatzeko epea bukatu zenetik eta gutxi batzuk Gaztañoko kotxerak erabiltzeari utzi zitzaionetik; eta lanak ez dituzte oraindik hasi. Garaiz gaude. Ez zen izango lehenengo proiektua hobetzeko asmoz atzera botatzen dena. Borondatez, zentzuz eta ausardiaz jokatuz Arramendiko parkearentzat erabaki egokiagoa har daiteke. Besterik ez dugu eskatzen. Iñaki Leonet, Arramendi Bizirik taldearen izenean