Errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua handitu nahi du Lezoko Udalak eta horren harira, aurten ere, kanpaina berezia egingo du.
Udalak kanpaina abiatu du herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten.
Errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua handitu nahi du Lezoko Udalak eta horren harira, aurten ere, kanpaina berezia egingo du. Iaz egin zuen lehenengo kanpaina errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko, eta lehen kanpainaren ostean, herritarren %18,7k egin zuen euskaraz. 2015ean, herritarren %17,8ak egin zuen errenta aitorpena euskaraz. Handitu egin dela euskararen alde egiten duten herritarren kopurua aitorpena egiterakoan erakutsi dute datuek, “halere, datu horiek hobetu egin nahi ditugu eta horregatik abiatu dugu kanpaina bigarren urtez. Espero dugu errenta aitorpena euskaraz egiten duen herritar kopurua urtetik urtera handitzen jarraitzea”.
Aitorpena euskaraz egiteko asmoa dutenek hiru bide dituzte: autolikidazio proposamena, mekanizatua, eta internet bidezkoa. Autolikidazio proposamena jasotzen dutenek elebitan jasoko dute. Onartzerakoan, informazioa euskaraz jaso nahi dutela adierazi beharko dute. Horrela eginda, aurrerantzean jasotzen diren behin betiko deklarazio guztiak euskaraz jasoko ditu.
Mekanizatuaren kasuan Ogasunean hitzordua eskatzeko unean harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi beharko dute espresuki, eta aitorpena egitera joateko garaian, agiria euskaraz jaso nahi dutela.
Azkenik, internet bidez egiterakoan, aholkularitza zerbitzura joaterakoan espresuki jakinarazi beharko dute herritarrek aitorpena euskaraz egin nahi dutela. Errenta programa internet bidez eskuratu badute berriz, euskarazkoa aukeratzea nahikoa izango da.
Oiartzun aurretik
Oarsoaldeko herrien artetik Oiartzun da aitorpen errenta gehien egin zituenak euskaraz joan den urtean. 5.415 herritarrek egin zuten aitorpena, eta horietatik 1.959k egin zuten euskaraz, %36,17; Lezo da bigarren zerrenda horretan, 3.123 lagunetik, 585 herritarrek egin zuten euskaraz errenta aitorpena, %18,73; Pasaian, 7.822 errenta aitorpenetatik 649 egin zituzten euskaraz, %8,29; Errenterian berriz, egindako 19.602 aitorpenen artetik, 1.524 egin zituzten euskaraz, %7,77.