Elkartasunak ez du adinik
Oiartzungo hamar urteko lau neska errifa solidarioak saltzen ari dira, beren ekimenez sortutako proiektuan. Bertan jasotako dirua Saharara bideratuko dute.
Harremanetan jarri dira Dixidu, Zuketz, Intxixu eta El Watan eragileekinDixidu diseinu grafiko enpresako Eneko Salaberriarekin ere jarri ziren harremanetan, errifak egiten eskarmentua duelako. Hark zerrenda bat eman zien, eman beharreko pausoen berri emanez. Lehenik eta behin, diseinua. Salaberriak esan zien bere gain hartuko zuela diseinua. Neskek ezetz, hori eurek egingo zutela. Salaberriak folio bat tolestu eta errifen tamainako sei zatitan banatu zuen, zirriborroak hor egin zitzaten. Azkenean, Arhanek proposamen batzuk aurkeztu zituen. Horrela, erabaki zuen Euskal Herriko eta Saharako irudiak eta banderak jarriko zituztela. Hegazkin batek ere bere txokoa izan behar zuen. Dixidu estudioaren galbahetik pasa, eta emaitzarekin oso gustura geratu ziren lau neska oiartzuarrak: bi paisaia erabat ezberdin izan arren, mendilerroak batzen ditu. Hegazkina paperezkoa bihurtu zuen, eta bere lorratzak bihotz bat marrazten du airean.
Telefonoa, inprenta, kalea
Diseinuaren fasea pasatuta, eragile gehiagorekin hitz egin behar zuten. Lehena, El Watan. Olga Leibarrekin harremanetan jarri ziren, dirua beraien bitartez hara bideratzeko. «Klaro, Sahararako dirua lortuta, ez ginen gu joango horra», zehaztu du, barrez, Arhanek. Hurrengo deia Oiartzun Irratira egin zuten. Bertan egin nahi dute zenbaki saridunen zozketa, eta haiek ere bai baiezkoa eman zieten. Data maiatzaren 26an jarri dute, Sagardo Egunean. Irratikoak jai giroa erretransmititzen ari badira, orduan egingo dute. Bestela, aurreko ostiralean eta astelehenean. Bi hari horiek lotuta, errifak inprentara bidali zituzten: 500 guztira, bina zenbakirekin. Goikoa Intxixurako da, eta behekoa Zuketzerako. Oraindik tinta usaina zutela, errifak saltzera abiatu ziren plazara, ziztu bizian. Arratsalde batean 150 —bai, ehun eta berrogeita hamar— saldu zituzten. Txokolategian saltsa pixkat antolatu zuten, eta hango langileek galdetu zieten ea zertan ari ziren. Azaldu, konbentzitu eta 50 errifako tako —hala banatu zuten, hobeto antolatzeko— bat hartu zien, bertan saltzeko. Abaraxka ludotekako arduradun Nekane Martiarenak azaldu duenez, errifekin jasoko duten dirua inolako gasturik gabe lortuko dute: «Enekori [Salaberria] komentatu, eta ideiarekin harrituta gelditu zen. Errifak bere kontu hartu zituen, proiektuari egindako ekarpen bezala. Intxixura joan ginen, ideia azaldu genien, eta kontuak egiteko eskatu genien, afariak ordaintzeko. Beraiek ezetz esan ziguten, bere kontu hartuko zutela. Eta berdin Zuketzen. Azkenean, 500 euroak garbi aterako ditugu. Nolabait proiektuan parte hartzen dute». Goiurik ñabardura egin dio:?«Bai, eta pertsonena ere bai izango da proiektua, bere dirua erabiltzen dugulako». Adibide batekin jarri du: «Emakume bati esan genion saria zein zen. Esan zigun ez zitzaiola inporta, berak dirua eman nahi zuela». Goiurik zehaztu du Madrilgo emakume bati saltzera joan zirela, euskaraz. Gazteleraz azaldu zioten zertan den proiektua, eta errifak erosi eta hemengo lagun bati eman zizkiola.Jaso nahi dituzten 500 euroak osoki Saharara bidaliko dituzte neskekOrain arte 320 errifa saldu dituzte. Oiartzuarrak abordatzeaz gain, familia bazkarietan, eskolaz kanpoko jardueretan eta beste hainbat tokitan saldu dituzte zozketarako txartelak. «Gu ibiltzen gara kaletik; jendea gugana etorri beharrean, gu joaten gara haiengana [kar-kar]», esan dute denek batera. Errifak nahi dituenak, eta kalean ikusten ez dituenak, hainbat aukera ditu: Abaraxka ludotekan elkartzen dira astearte arratsaldero, eta harremana egin daiteke ludotekarekin, deituz (943 50 64 12 edo 645 005 496) edo e-posta bidez idatziz. Horrela beraiekin jarriko lirateke harremanetan, baita Oiartzun Irratira deituta ere. Martiarenak proiektuaren irakurketa positiboa egin du: «Kristoren lanketa egiten ari dira proiektu honekin, eta balore asko ikasten ari dira aldi berean. Haien ideiatik hasita, gu bidelagun gara, eta pixkat laguntzen diegu. Galderak eginez, saretxo bat eginez…». Orain, argazkiko lau neskak errifak saltzen ikusten badituzue, badakizue zertan ari diren. Bestela, Oihanek antzezten esaten duena gerta daiteke: «Ez bagenitu salduko, gu geldituko ginateke errifekin. ‘Ui! Tokatu egin digu! Ze suertea’».