Azkue sarietako narrazio eta poesia sailetan dauden bi mailetako lau sarietako hirutan Haurtzaroko ikasleak garaile izan dira.
Ikasleak, senideak eta Haurtzaroko ordezkariak, asteazkenean Bilbon.
Haurtzaro Ikastolak pozik egoteko arrazoiak baditu. Euskaltzaindiak eta BBK fundazioak 1991tik antolatzen duten
Resurreccion Maria Azkue literatura sarietan, lau sari nagusietatik, hiru Oiartzunera, Haurtzaro Ikastolara etorri dira. Narrazioan eta poesian ematen dituzte sariak, bi mailatan. Joan den asteazkenean eman zituzten 2017 urteari dagokion sariak, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Orotara, 151 lan aurkeztu ziren iaz sariketara.
Horrela, A mailan (10-13 adin tartekoena), narrazioaren atalean Maialen Leiza Irazustak eskuratu du lehen saria
Maitasun ohartezina lanarekin. Bigarren saria ere Haurtzarokoa da, Uxue Etxebeste Usabiagak egindako
Txiro naiz eta txikia naiz lanagatik. Maila horretan, baina poesiaren atalean, Lur Lopez Frailerena izan da sari gorena,
Lehen eta orain sortarekin lortua. Haurtzaroko ikasle horiek DBH1 mailakoak dira
B mailan, 14-17 adin tartekoena, emaitza ederrak. Narrazioko lehen saria Anne Agirrezabalaga Lopezi eman zioten,
Kale berria izenburuko lanagatik. Haren kasuan, ez da lehen aldia Azkue sarietan irabazten duela, DBH4ko ikasleak iaz poesiako sari nagusia jaso baitzuen.
Aritz Gonzalez Haurtzaro Ikastolako zuzendariak, pozarren adierazi zuen epaimahaiko kideek (euskal literatura sortzaile ezagunak dira), aurten sarietan izan den maila goraipatu dutela, azalduz, jendartearen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela.