Huts Teatro konpainiaren azken antzezlana taularatuko dute udal aretoan, igandean.
Patricia Urrutia eta Ander Lipus Huts Teatro konpainiaren ‘Hozkailua’ antzezlanean.
Huts Teatroaren azken antzezlana da igandean (hilak 29) San Pedroko udal aretoan aurkeztuko dutena,
Artedrama Arte Eszenikoen laborategian ekoiztutakoa. Manex Fuchseren zuzendaritzapean, Unai Iturriagak idatzitako testua antzezten dute Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak
Hozkailua antzezlanean, Maite eta Karlos pertsonaien azalean.
Herririk herri dabiltza bi pertsonaiak hozkailu zahar batekin, eta hozkailuaren barruan, zerbeza lata artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zendutako lagunari bere jaioterrian lur emango diotela zin egin diote, baina nongoa zen galdetzea ahaztu. “Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa” da
Hozkailua.
Antzezlana 19:00etan da, eta sarrerak, 5 euroan, egunean bertan eros daitezke, udal aretoan bertan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago.