Aho batez onartu du plenoak Donibaneko biblioteka berria Ubera izendatzeko proposamena. Kultur teknikari Miriam Canok eman zuen
Bibliotekaren Lagunen proposamenaren berri, eta talde guztien babesa lortu zuen. Maiatzaren 25ean inauguratuko dute biblioteka, eta Canok jakinarazi duenez, herritarrak hainbat ekitaldi antolatzen dihardute irekiera ospatzeko.
Nahikoa adostasun bildu du baita ere Duintasunak aurkeztutako mozioa. PSE-EE abstenitu egin da, baina gainontzeko talde denek alde bozkatu dute, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarria bere eginez.
Kontsentsu bila, mozioak atzera
Ika-mika dezentekoa, Francori ohorezko alkate izendapena kentzea eskatzeko
Pasaiak Ahal Du-k aurkeztutako mozioak eragin du. Ez zen ageri gai zerrendan, baina txertatzearen alde egin zuten talde denek plenoan bertan. PSE-EEk, bere aldetik, mozio alternatiboa aurkeztu zuen, baina azkenean, ez bat eta ez bestea; bi mozioak erretiratu zituzten, EH Bilduk eta EAJk hala eskatuta. Gaiari berriro heldu eta adostasunez plazaratzea da asmoa.
Edonola ere nahiko haserre agertu dira talde denek gai honetan Pasaiak Ahal Du-k izan duen jokabidearekin. Francori ohorezko alkate izendapena kentzearen alde agertu dira talde politiko denak, eta orain arte ez bazaio kendu oharkabean igaro den kontua izan dela aitortu dute.
Edonola ere, Pasaiako Udalean oroimen historikoaren gaian orain arte egin diren guztiak beti kontsentsuz egin izan direla nabarmendu dute, eta esparru horretan orain baino lehen egin diren lanei garrantzia eman diete. Zentzu horretan, Xabier Portugalek idatzitako
Pasaia 1931-1939. Zanpatuen oroimina liburua, errepublika maistrei egindako aitortza edo Bou Nabarra plazaren gainekoak oroitu dituzte.