Espainiako Estatuko plataformek egin duten deialdiarekin bat egin du. Larunbatean 17:30ean Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko da manifestazioa.
Jubilatu eta pentsionistak hilero-hilero mobilizatzen dira.
Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak Donostiara deitu du datorren larunbatean (hilak 5). Espainiako Estatuko plataformek egin duten deialdiarekin bat egin du, eta horrenbestez, larunbatean 17:30ean Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko den manifestazioan izango dira Errenteria-Oreretako jubilatu eta pentsiodunek. Bat egitera deitu dute herritar guztiak pentsio duinen alde.
Hego Euskal Herriko hiriburuek hartuko dituzte manifestazioak larunbatean. Astelehenean berriz, (hilak 7) ohiko hileko lehen asteleheneko elkarretaratze eta manifestazioa antolatu ditu Duintasunak. Maiatzaren leheneko zubia zela eta, astebetez atzeratu dute mobilizazioa. Herriko plazan bilduko dira 11:00etan eta ondoren manifestazioa egingo dute 1.08 gutxieneko pentsioa eta gizarte segurantza sistema propio eta publikoa aldarri.
Gipuzkoan 184.630 pentsiodun daudela eta horietatik 40.228k 600 eurotik beherako pentsioa jasotzen dutela salatu du Duintasunak. Gipuzkoako pentsiodunen %21,78k, beraz, 600 euro baino gutxiagorekin bizi behar du hilabetean: “Bankuek eta multinazionalek negozioa egin nahi dute gure eskubideen kontura, pentsioak, osasuna, etxebizitza, hezkuntza… eta 60.000 miloi lapurtu dituzte Pentsioen Erreserba Funtsetik, beren plan pribatuak guri saltzeko”.
Kalera deitu du beste behin Duintasunak, “gobernuei gure protestak helarazteko, argi eta garbi izan dezaten ez gaituztela isilduko eta aurrez aurre izango gaituztela luzaroan. Esperientziak erakutsi digu inork ez digula ezertxo ere oparitu. Eskubideak borrokatuz eskuratu genituen. Ez ditzagun galdu”.