Espainiakoan bi bandera irabazi dituzte arrosek
Batelera Seniorrak eta Gazte Mailakoak irabazi dute Espainiako Batel Txapelketa; Hibaikako seniorrek brontzea irabazi dute.
Bi bandera eta brontzezko domina bat. Horixe eskualdeko batelek asteburuan Moañan (Galizia) jokatu duten Espainiako Batel Txapelketan lortutako uzta. Batelerak izan dira beste behin nagusi, Seniorrak eta Gazte Mailakoak, norbere kategorian bandera bana irabazita. Hibaikako seniorren batelak parte hartu du baita ere txapelketan, eta errenteriarrak brontzea lepoan itzuli dira Moañatik. Batelen denboraldia erabat bukatuta, eta udararako prestatu bitartean, trainerilletan ari dira lehian orain arraunlariak, eta norgehiagoka horretan, baita ere, emakumeak ari dira gailentzen. Emakumeen Senior Mailan San Juango A eta B ontziek irabazi dute asteartean Donibanen jokatutako trainerilla ligako hirugarren jardunaldia. Mutil senior arrosek, bestalde, hirugarren izan dira Donostiarra eta Hondarribiaren atzetik. San Pedrok bi trainerilla uretaratu ditu Pasaiako trainerillen estropadan. Mutil gazteen trainerilla laugarren izan da, Getaria, Zarautz eta Zumaiaren atzetik hurrenez hurren, eta Ligatik kanpo, Gipuzkoa Federazio Kopan, azkenak izan dira. Kopako lehian, sanjuandarrak bigarren eta hirugarren izan dira, Hondarribia Bren atzetik.