Herritarren maila bereko erantzunik ez du eman udalak EAJren ustez, "hondakinen bilketan arazo ugari daude, eta konponbideak ez dira behar bezain azkar iristen".
Edukiontziak Agustinak auzoan.
Balorazio gazi-gozoa egin du EAJk hondakin bilketa sistema berriaren gainean. Alde gozoan, herritarren erantzuna jarri du alderdi jeltzaleak, “%60ko birziklapen tasa gainditu da, eta pauso sendoak emanez %80ko birziklapen tasa lortuko dela uste dugu”. Gazian berriz, udala jarri dute jeltzaleek. Diotenez, herritarren maila bereko erantzunik ez du eman azken horrek “hondakinen bilketan arazo ugari daude, eta konponbideak ez dira behar bezain azkar iristen”.
Hondakin sistemaren jarraipen batzordean EAJren ordezkari Elixabete Muruak hondakin bilketaren inguruan dauden arzo ezberdinak mahaigaineratu zituela esan du EAJk: “Egoera katastrofikoa denik ez in dugu esan, baina arazoak begi bistakoak dira, nahikoa da edukiontzien inguruan begiratzea, maiz ikusten dira poltsak lurrean eta edukiontzien txipek arazoak ematen dituzte. Jasotako erantzunek ez gaituzte batere lasaitu, udal gobernuak onartu du arazoak daudela, baina errua herritar batzuen boikotari, bandalismoari, zenbait kolektiboen informazio faltari eta abarri egozten die. Faktore horietako batzuk udalaren eskuetatik kanpo egon daitezke, baina udal kudeaketa aldetik hobetu daitezken kontuak badirela ezin da ukatu”.
Arazoei konponbide “ahalik eta azkarrena” ematea eskatu dio EAJk udalari.