Herritarrek zituzten hondakinen sailkapenaren gaineko zalantza ugari argitu ditu RSU iniziatibak.
Organikoa biltzeko edukiontziaren erabilera sustatu eta ongi sailkatzea dira helburua, besteak beste.
Herritarrek zituzten hondakinen sailkapenaren gaineko zalantza ugari argitu ditu RSU iniziatibak. Hala esan du udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean RSU iniziatiba abiatu zuenetik bi hilabetera. Iniziatibaren barruan, ingurumen hezitzaileak izan dira kaleko hondakin edukiontzien ondoan herritarrei hondakinen gaineko informazioa ematen eta sentsibilizatzen.
Iztieta, Olibet-Etxeberrieta, Erdialdea, eta Galtzarabordako hamazazpi edukiontzi gunetan izan dira hezitzaileak dagoeneko, eta Beraun auzoan amaituko dute kanpaina hilaren 31n. Orain arte, egunean, 30 herritar ingururen zalantza, proposamen eta kexak erantzun eta jaso dituzte. Errenteria-Oreretako saltoki, taberna eta jatetxeetan ere izan dira hezitzaileak, zalantzak argitu, beharrak jaso, eta hondakinen sailkapena hobetzeko barne antolamendurako aholkuak emateko. Momentuz 160 komertzio eta tabernetan izan dira.
Errefusaren edukiontzira botatzen den hondakin kopurua gutxitu; bio hondakinen edukiontziaren erabilera sustatu; hondakinen sailkapen egokia egin; herritarrak, ekoizle handiak, saltoki eta elkarteak hondakinen gaiaren gainean sentsibilizatu; ondo bereizteak ingurumena, ekonomia, udala eta oro har gizartearentzat dituen onurak jakinaraztea; eta sailkapenaren gainean dituzten zalantzak argitzea dute helburu RSU, eta horren harira, ahalik eta hondakin gutxien sortzera gonbidatu ditu udalak herritarrak, “erosketak egiteko garaian plastikozko poltsak ekiditeko orga erabili, poltsa berrerabilgarriak eta tuperrak erabili, granelean edo ahalik eta bilgarri gutxien duten produktuak erosi,eta formatu familiarra eta beirazko ontzietan datozen produktuei lehentasuna ematea dira aholkuetako batzuk”.
Kaleko kanpaina baino gehiago
Herritarren zalantzak argitu eta hondakinen bereizketa egokian kontzientziatzea garrantzitsua da. herritarrez gain, ordea, bestelako gizarte eragileengana ere heldu nahi du RSU Iniziatibak. Hori dela eta elkarte gastronomikoetan izan dira ingurumen hezitzaileak laguntza eskaintzeko, eta udal euskaltegiko zein Xenpelar AEKko ikastaldeekin aio dinamikoak egiten ari dira. Herritarrei begira, berriz, hitzaldi praktikoa egingo dute hilaren 5ean (larunbata) 18:00etan Merkatuzarren.
Aisa programan parte hartzen duten Errenteriara iritsi berriek ere jasoko dute hondakinen inguruko informazioa.
Errenteriarrek hondakinak sailkatzeko ohitura dutela ondorioztatu dute kanpainarekin eta udalak argitutako zalantzak praktikan jartzera gonbidatu ditu herritarrak, “beste edozein zalantza argitzeko, ingurumen hezitzaileengana gerturatzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, erakusten ari diren jarrera baikorra eskertuta. Izan ere denon ahaleginarekin lortuko dugu Errenteria ekoaktiboagoa izatea”.