Ogi Berri Azkuene taldeko kideak hirugarren izan dira Ciudad Rodrigoko maratoi erdiko taldekako sailkapenean. Banaka ere emaitza onak lortu dituzte.
Ogi Berri Azkueneko kideak, taldekako lasterketaren podiumean.
Aurten hirugarren urtea zuten Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeko kideek Salamancako Ciudad Rodrigo herriko maratoi erdian parte hartzen zutela. Eta aurten ere emaitza bikainekin eta sariekin itzuli dira bertatik. Apirilaren 29an, igandea, egin zuten herri horretako 21 kilometro pasatxoko proba.
Emakumeen taldekako sailkapen nagusian hirugarren izan ziren pasaitarrak. Aldi berean, Ana Cruz sailkapen nagusian seigarren izan zen, eta B Mailako Beteranoen atalean irabazle. Taldeko kide Inma Cruz ere saridun izan zen Salamanca aldean, C Mailako Beteranoen kategorian hirugarren izan zelako. Elena Santervas, Edurne Jauregi eta Josune Cruz izan ziren taldea osatu zutenak; azken hauen lana batez ere izan zen taldekako sailkapenerako borroka egitea.
Pozik daude pasaitarrak Salamanca aldean egindako lanarekin. Eta adierazi nahi izan dute, kirol emaitzetatik harago, ohorea dela haientzat Pasaiaren izena alde batetik bestera eramatea. Hein berean, Errenteria Atletismo Taldeko (EAT) kideak agurtu nahi izan dituzte korrikalari ausart pasaitarrek, Ciudad Rodrigon izan zirelako ere errenteriarrak.
Hurrengo erronkaren berri ere eman dute emakume pasaitarrek: Santanderko errelebokako 100 kilometroko proban parte hartu nahi dute, ekainaren erdialdean.