Inork gutxik ezagutzen du berak baino hobeto aurten 40 urte beteko dituen Illunbe Musika Bandaren historia; instrumentista izan zen hasieran, eta azken hamarkadetan bere batutapean ari da taldea
Illunbeko Musika Bandak 40 urte beteko ditu aurten. Ez da marka makala.
Inguruko musika bandekin alderatuta, gurea erlatiboki gaztea da. Donibaneko Konstantzia musika bandak 200 urte bete zituen iaz, eta Errenteriako eta Irungo bandak, esaterako, askoz ere zaharragoak dira.
Gureak lehen kontzertua 1978. urteko Karmengo Amaren Jaietan eman zuen. Musika eskola sortzearekin batera sortu zen banda, hasiera batean eskola barruko talde instrumental baten eskutik.
Eta gaur-gaurkoz nolako osasuna du Trintxerpeko bandak?
Ziurrenik bandak azken urte hauetan bizi du egoerarik onena, bai kalitatearen ikuspegitik, baita ikasleen aldetik ere. Banda %90ean musika eskolatik elikatzen da, kanpoko jendea ere baden arren. Hainbat urtetan, matrikulazioaren beharrak tarteko, musika tresnaren bat falta izan zaigu, baina une hauetan oso-osorik eta osasuntsu dago.
Nola hasi zen Fran Berra eta Illunbe Musika Bandaren arteko harremana?
Nik txistua eta atabala ikasi nituen Illunbe musika eskolan, garai hartan denok ikasten genuena, hori zelako eskaintza. 1977. urtearen inguruan, artean ikaslea nintzela, zuzendaritzak, Juanje Neirak bultzatuta, talde instrumental bat osatzea erabaki eta bandarako musika tresnak erosten hasi zen. Orduan ekin zitzaion bideari, hasiera batean, Easo abesbatzako buru Jose Mari Altunaren zuzendaritzapean. Hurrengo urtean Jose Luis Oconek hartu zuen taldearen zuzendaritza eta bere eskutik, talde instrumental txiki bat zena banda izatera igaroko da. Ordurako ni taldean nago, instrumentista gisa, tronboia eta bonbardinoa jotzen.
Hasierako urte haietan nolakoa zen Trintxerpeko Musika Banda?
Kalitatearen ikuspegitik oso oinarrizkoa, ikasle ia denak hasierako ikasturtetakoak zirelako. Fanfareen garaia zen: Tirri Tarra, Kilikariak… mugimendu indartsu bat zegoen esparru horretan.
Garai hartan bandan jotzen genuen batzuk Donostiako Kontserbatorioan ari ginen ikasten. Bi urte nituen bandan jotzen, Oconek banda utzi, eta zuzendari izatea proposatu zidatenean. 1980ko hamarkadaren hasieran izan zen, eta nahiz eta oso gaztea izan —24 urte nituen— taldeko musikari beteranoenetakoa nintzen ordurako. Taldea oso gaztea zen, eta ikasketen ikuspegitik esperientzia laburrekoa.
Nola gogoratzen dituzu zuzendaritzako hastapenetako lehen urte haiek?
Jendeak oso denbora gutxi zeraman ikasten. Tronpeta irakasten zuen irakasleak, beste bost musika tresna erakusten zituen eta ez zegoen espezialitaterik. Zentzu horretan dena oso oinarrizkoa zen. Baina bestetik, egin zen lana bikaina izan zen, jendeak gogo handia zuelako. Oso bestelakoa zen dena. Kontzertuetarako lan espezifikorik ez zen egiten. Kalejira bat,
Bat bi hiru lau… eta jendea pozez zoratzen.
Lau hamarkada igaro dira ordutik. Zure ustez, bilakaeran, zeintzuk izan dira mugarriak?
Illunbe Musika Banda eskolarekin batera hazi da. Musika eskolara irakasleak batzen doazen heinean, musika tresnen irakaskuntza arautzen hasten da, hezkuntza kalitatezkoa izaten hasten da, eta horrek eragin handia izango du bandan.
Duela hamabi urtetik hona, banda oso konpentsatuta egon da. Bandan bada jendea, gaur egun 40 urte ingurukoa, 20 urtetik gora daramana jotzen. Horiek, nolabait, taldeko liderrak dira. Ondoren, beste belaunaldi bat sartu da bandara, gaur egun 20-25 urte inguru duen jendea. Musika ikasketak bukatu dituzten musikariak dira, eta asko igartzen da. Batetik eskarmentu handia, eta bestetik kalitatezko formazioa. Bandak, gaur-gaurkoz, kalitate handia du. Ez dago inolako arazorik edozein obra muntatzeko.
Horrez gain, eta hau niretzat oso-oso garrantzitsua da, goraipatzekoa da bandan dugun giroa. 45 lagun inguru gara, eta nahiz eta adin tarte handiak egon, primeran moldatzen gara. Astean bitan entseatzen dugu, eta kontzertu asko eman, baina horrez gain, kuadrilla bat gara eta askotan elkartzen gara bidaiak-eta egiteko.
Ospakizunez betetako urtea duzue aurretik. Zentzu horretan zer aurreratu dezakezu?
40. urteurrena da, eta apaltasunez bada ere, ospatu nahi dugu. Ziklo bukaera bat gertu egon daiteke eta ospakizunak horri erantzuten dio neurri handi batean.
Ospakizunei dagokionez, lau ekitaldi garrantzitsu aurreikusi ditugu, lehena hilaren 6an [etzi]. Kontzertu berezi bat eskainiko dugu, 13:00etan, Azoka parean. Lehen zatia sinfonikoa izango da, errepertorio tradizional batekin, eta bigarren zatian, herri kantak interpretatuko ditugu, abeslari baten laguntzaz eta megafoniarekin, publikoa abestera animatzeko asmoz. Horretarako Oskorrik bandarentzat armonizatutako musika interpretatuko dugu,
In the pub ibiltaria diskoan bildutako abestiekin.
Eta bada gehiago.
Hilaren 27an, Trintxerpen Iñude eta Artzainen konpartsarekin irtengo gara, eta hurrengo zita uztailaren 15erako jarri dugu, bandaren 40. urteurrena jaietan beteko delako, bandak karmenetan jo zuelako lehen kontzertua, Karmengo Amaren Egunean.
Eskolako Lorezainen Konpartsarekin jotzen 20 urtetik gora ditugu, eta aurten, Trintxerpera gonbidatu ditugu. Donostiatik irteten diren lehen aldia litzateke, eta oraindik erantzuna ez dugun arren, aukera aztertzen ari dira. Jaietako igande eguerdian litzateke hori, eta egun berean, baina 21:00etan, Rockalean taldekoekin jo nahi dugu. Jai batzordean aurkeztu dugu proposamena eta onartzen badigute, rock taldearekin joko dugu. Doala aurretik, niri, kontzertu honek zirrara berezia eragiten didala, ezohikoa izango delako, eta bandako jendeak jotzeko gogo handia duelako.
Uda ondoren izango da azken ospakizuna.
Bai, baina aurretik, Donostiako Aste Nagusiko kanoikadan jo eta kontzertua eskainiko dugu. Azken ospakizunerako data oraindik ez dugu zehaztu, baina litekeena da urrian izatea. Bandatik igaro diren musikari guztiak elkartzeko asmoa dugu. Norbere musika tresnari hautsa kendu, eta jotzeko elkartuko gara denak, ondoren, noski, bazkaria eta festa egiteko.
«Ziurrenik, bandak, azken urte hauetan bizi du egoerarik onena»
«Kuadrilla bat gara eta askotan elkartzen gara bidaiak-eta egiteko»
«Ziklo bukaera bat gertu egon daiteke, eta ospakizunak horri erantzuten dio»
Inguruko bandekin nolako harremana du Trintxerpeko Musika Bandak?
Harremana taldeen artekoa baino, pertsonen artekoa izaten da, musikarien artekoa. Nik, esaterako, Errenteriako bandan ere jo izan dut, eta harreman handia dut egungo zuzendari eta presidentearekin. Banden alardeak egin izan ditugunean ez da egon arazorik Errenteriakoak hona etorri eta gu hara joateko. Harreman handia dugu baita ere Konstantzia Musika Bandarekin, eta Antxoko musika bandaren partaide izandakoekin.
Antxoko banda desegin zen. Berreskuratzeko itxaropenik?
Zaila da. Saiakerak egiten dira haurrak bandarako musika tresnetan treba daitezen, baina urteak behar dira ikasleak formatzeko, eta ez da batere erraza. Konstantzia musika bandan ere arazo berbera dute, oraingoz eusten dioten arren.
Udalerri bakarrean hiru musika banda izatea zaila dirudi.
Noski, eta zentzu horretan oso argi dut Trintxerpeko bandak osasuntsu eusten diola musika eskola hemen dagoelako. Xabier Portugal Kultura zinegotzia zela udal banda sortzeko aukera aztertu genuen. Pertsonalaren ikuspuntutik arazorik ez dago, Pasaian musikari asko eta oso onak daudelako, baina arazoak logistikoak dira. Non jarri egoitza? Non entseatu? Ez da batere erraza.
Pasaian musikari asko eta oso onak daudela diozu. Etorkizuna, beraz, bermatuta dago.
Bai, benetan ona. Pasaiako jende asko ari da musika jotzen, oso musikari onak daude. Musika eskolatik jendea irteten ari da eta aterako da. Ez dago zalantzarik.
Musika bandaren zuzendari ez ezik, musika irakaslea ere bazara Pasaiako musika eskolan. Zer irakasten duzu?
Haize instrumentu baxuak irakasten ditut, eta talde instrumentalen irakaslea ere banaiz.
Eta zein da zure musika tresnarik gogokoena?
Nik irakasten ditudan biak, tronboia eta bonbardinoa, biak oso antzekoak. Saxo tenorea oso gustuko dut baita ere.
Musika eskolaren bilakaeraren lekuko izan zara. Musika hezkuntzaren bilakaeran zer izan da, zure ustez, positiboena?
Nire ustez, oro har, dena izan da hoberako. Egia da musika eskolaren bilakaeran arazoak izan direla, baina batez ere udalerriaren izaerari lotutakoak, udalerri konplexua delako egituraz. Lau barruti gara, eta hasieran dena zegoen zentralizatua Trintxerpen. Azken urteetan lau barrutietara zabaldu gara, eta nire ustez, bilakaera, zentzu horretan ere ona izan da. Eskola asko handitu da. Hezkuntza arautuaz harago, talde asko daude: abesbatzak, musika taldeak… Aktibitate handia dago eta 1.000 ikasletik gora ditugu egun.
Bestalde, musikaren irakaskuntzan eragin handia izan du informatikak. Zentzu horretan Atapuercatik NASAra igaro gara oso epe laburrean.
Ogibidea ez ezik, zer da musika zure bizitzan?
Azkenean musikak dena hartzen du. Nire aktibitate guztia musikaren inguruan garatzen da. Klasean ez nagoenean, kontzertu bat ematen ari naiz…. Eta ez soilik artistikoki edota irakaskuntzaren ikuspegitik. Harreman pertsonaletan ere eragin handia du.
Zure etorkizuna nola irudikatzen duzu?
Nik 60 urte ditut eta 63 urterekin erretiroa hartuko dut musika eskolan. Bandarekin zalantzak ditut. Argi dut ez naizela 80 urtera arte zuzentzen egongo Donibaneko eta Antxoko zuzendariak egon ziren bezala. Nire asmoa da zuzendari izateari uztea. Agian jotzen jarraituko dut, edota taldeko bestelako arduretan, ikusteko dago. Tentuz egin nahi ditut gauzak.