Pasaian Itsas Festibal usaina dago

Itsas festibala

Pasaiako Itsas Festibalaren egitarauaren aurkezpena Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.

Bi aste baino ez dira falta Pasaiako Itsas Festibala hasteko. Hilaren 17an porturako du L’Hermione Pasaian, arratsaldez, eta ordu zehatza zehazteke, ekitaldi ikusgarri horrek emango dio hasiera ofiziala festibalari. Ordurako, baina, lan mardula egina izango dute herriko eta inguruko elkarte eta eragile askok, festibalaren antolakuntzan erabat murgilduta.

Gaur eguerdian, Donibanen, elkarte, erakunde eta eragile kolaboratzaile eta laguntzaileen ordezkaritza zabala egon da, behin betiko egitarauaren aurkezpenean, Juanba Berasategi kulturgunean. Guztien laguntza eskertu du Izaskun Gomez Pasaiako alkateak, eta “beren ilusio kutsatzeko” gonbidapena egin die kultur diputatu Denis Itxasok.

Pasaiako alkate Izaskun Gomezek “ekitaldi paregabetzat” jo du festibala eta nabarmendu du 116 ontzi elkartuko direla badian hilaren 17tik 21era bitartean.

Jaialdiak herriko “memoria historikoa” eta “itsas ondarea” aldarrikatu nahi dituela  gogorarazi du alkateak, jarraian antolatutakoen hainbat zertzelada zerrendatzeko. Zehaztu duenez, lehorrean, hiru gune nagusi izango ditu festibalak, San Pedron, Donibanen eta Trintxerpen bana.

San Pedron L’Hermione eta topaketako beste ontzi bisitagarriak izango direla zehaztu du alkateak, eta  Itsas Festibalaren ohorezko gonbidatua -Galizia-, Trintxerpen kokatuko dutela. Donibanen, azkenik, mintegi, proiekzio eta erakusketa gehienak elkartuko dituzte. Baina, noski, kale animazioa, gastronomia, artisautza, eta musika – doako kontzertu oso erakargarriak tarteko–  hiru gune edo vilage nagusietan izango dira. Ikus hemen egitaraua.

Pasaiako herriari eskerrak

itsas festibala

Albaolako eta festibaleko presidente Xabier Agote, Pasaiako alkate Izaskun Gomez eta kultura diputatu Denis Itxaso, aurkezpenean.

Pasaiako herriari eskerrak ematen hasi du bere interbentzioa Kultur diputatu Denis Itxasok, festibala bere herritarren partaidetzarik gabe ezinezkoa litzatekeela ulertuta, eta erakundeek festibala bultzatzeko arrazoietan bi nabarmendu ditu. Itxasoren arabera, “itsas ondarea gero eta erakargarriagoa” da eta “herri aurreratuenetan ontzigintza eta itsas memoria gordetzeko lanean” aspaldi hasiak direla nabarmendu du.

Baina beste arrazoi bat ere nabarmendu nahi izan du Itxasok, Pasaiako biziberritzeari lotuta: “Ez da nahikoa biziberritze urbanistikoa. Pasaiak horrelako apustu sendo bat behar zuen”, baietsi du, eta etorkizunera begira festibala errotu eta “bitarteko estimatua” bilakatu dela sinetsita agertu da.

Baieztapenen defentsan hainbat datu esanguratsu haizatu ditu kultur diputatuak. Batetik, L’Hermione bisitatzeko sarreren %70 jada saldu dituztela nabarmendu du -6.400 sarrera jarri zituzten salgai eta 1980 baino ez dira geratzen- eta bestetik, inguruko hotel, agroturismo eta bestelako ostatuetako erreserbetan festibalaren eragina nabaritzen hasiak direla adierazi du.

‘L’Herminone’-n nabigatuz

Egitaraua aurkezteko agerraldian festibalaren presidente Xabier Agotek hitz egin du baita ere, eta beste hiru euskaldunekin batera –Ibon Gaztañazpi eta Maitena Salinas kazetariak tartean–  L’Hermionen nabigatzeko aukera izango duela aurreratu du.

Euskal espedizioa Portugalen itsasoratuko da datorren asteazkenean, Portimaon, eta handik Pasaiara arteko bidea L’Hermione-n nabigatzen egingo dutela aurreratu du. Agotek kontatu duenez, horretarako, aurretik ikastaro batean parte hartu behar izan dute laurek, “nabigazioa oso zorrotza” izango delako.

Festibalari dagokionez bereziki bi kontu nabarmendu ditu Albolako kideak. Badien ezaugarriei erreparatu die lehenik, topaketaren ikusgarritasuna nabarmentzeko. Antzeko beste festibaletan ez bezala, Pasaian ontziak bertatik bertara ikusteko aukera izango dela ohartarazi du “pasarela batean bezala”.

Eta bigarren datu bat ere nabarmendu du Agotek. Topaketan parte hartuko dute 116 ontzietatik ia erdia euskaldun jatorrikoak direla goraipatu du, eta itsas ondarearen esparruan lan egiten duten elkarte guztiak Pasaian elkartuko direla iragarri du, denak banan banan aipatuz, eta beren lana eskertuz.

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend