Oarsoaldeko Hitzak hamabost urte beteko ditu aurten. Zuzendari izandako Arantxa Iraola eta Ekaitz Arrietak, eta Urko Etxebeste egungoak, gaur arteko ibilbidea aztertu dute.
Argazkian, Ekaitz Arrieta, Arantxa Iraola eta Urko Etxebeste.
OARSOALDEKO HITZAk jada hamabost urte beteko ditu aurten. 2003ko ekainaren 23an, euskarazko tokiko egunkaria lau udalerrietako harpidedunen buzoietara iritsi zen lehenengoz, eta ordutik, herritarrei tokiko informazioa euskaraz
eskaintzea izan da bere jarduna eta bokazioa. BIDASOKO HITZA 2009an sortu zuten; bien arteko fusioa 2010eko azaroan egin zen. OARSOALDEKO HITZAren 15. urteurrenaren harirako hainbat jarduera egingo dira aurten; 2019an, Bidasora egingo du jauzi ospakizunen aroak, BIDASOKO HITZAren 10. urteurrenean.
Hitza bere erroetara joan da, eta hedabidearen sorrerari buruzko gogoeta egin eta bilakaeraren gaineko hainbat zertzelada eman dituzte hedabideko zuzendari izandako Arantxa Iraola eta Ekaitz Arrietak, eta egungo zuzendari Urko Etxebestek. Egitasmoa nola abiatu zen, zein bide jarraitu zuen, eta egun nola dagoen. Hori hiru zuzendariak biltzearen arrazoia.
Oarsoaldeko Hitzaren jatorria Lezon (
Orratx!), Errenteria-Oreretan (
Lau Haizetara) eta Pasaian (
Branka) hainbat urtez kalean eta etxeetan izan ziren herri aldizkarietan dago, hilabetekari ziren. Behar batek eta nahi batek bat egin zuten 2002aren bukaeran: tokiko aldizkariek euren ekoizpena handitu nahi zuten, eta orduko
Euskaldunon Egunkaria-k tokiko informazioa lantzeko erabakia hartua zuen. Bi indar horiek batu, eta 2003ko ekainean ikusi zuen argia, lehenengoz, OARSOALDEKO HITZAk. Etxebestek argitu duenez,
Egunkaria-ren itxierarekin batera (2003ko otsailean) «operazioa zalantzan» jarri zen, baina itxierak HITZAren sorrera are gehiago azkartzeko eta indartzeko erabakia bizkortu zuela azaldu du. Euskarazko prentsaren aldeko olatua eragin zuen polizia operazio bidegabe hark.
Egunkaria-tik etorri zen Arantxa Iraola OARSOALDEKO HITZAra, lehen zuzendaria izan zen. «Oso garrantzitsua izan zen Hitzak sortzea, Egunkaria itxi eta handik sei hilabetera,
Berria-rekin batera sortzen direlako». Iraolarentzat «indar erakustaldi ikaragarria» izan zen ordukoa, paperezko euskal hedabideen olatua inoiz baino handiagoa bilakatu baitzen. Urtebetez zuzendari gisa jardun ondoren,
Berria-ra egin zuen jauzia Iraolak.
Herri aldizkarien munduan urte mordoa igaro ostean, OARSOALDEKO HITZAren hasieratik aritutakoa da Urko Etxebeste, orduan kazetari moduan, eta azken hamarkadan, zuzendari bezala. «Oarsoaldean euskarazko egunkari bat egiteko aukera bazegoela ikusirik aurrera egin genuen». Oarsoaldeko herri aldizkarietako kideek amets zuten hilabetekarietatik egunkarietara aurrera urratsa egitea, horregatik murgildu zen antxotarra proiektu berri horretan. «Gure helburua beti izan da euskaraz ahalik eta jende gehien irakurtzen jartzea», gehitu du.
Hasieratik lana «zaila» izan dela onartu dute Iraola eta Etxebestek. Erredakzioa osatzea, harreman sarea sortzea, edota egunkari batean lan egiteko modura egokitzea ez zen erraza izan. Zortzi orrialdeko egunkaria kaleratzen hasi ziren orduan. Egunero, Oarsoaldeko lau udalerrietako harpidedun oro Hitza jasotzen hasi zen bere etxean. Iraolaren arabera, lanean buru-belarri jarduteko «eskarmentuzko taldea» osatu zuten hasierako hartan, «kaleak asko zapaldutako» jendea elkartu zen, alegia. Orduan, «urrats kualitatiboa» eman zutela argitu du, erredakzio txukuna osatuz.
Internetera jauzia
2006ko maiatzean Ekaitz Arrieta hasi zen zuzendari lanak egiten —tartean kazetari bezala ere aritu zen—. «Hitzan hasi nintzenean edizio jarraiarekin hasi ginen, Interneteko informazioa indarra hartzen hasi zen, eta Hitzak ere hor egon behar zuen», adierazi du lezoarrak. Ordura arte egindako paperezko edizioaz gain, Internet eta sare sozialen munduan murgildu zen OARSOALDEKO HITZA, webgune propioa eratuz. Testu eta argazkiez gain, bideoak egiten hasi zirela kontatu du Arrietak, eta adibidez, papereko edizioa landu aurretik, Interneten sartzen zituztela albisteak, labur bada ere. Beste bi zuzendariek bezala, erredakzioko giroa paregabea zela adierazi du, eta hori egun arte irauteko lagungarria izan dela. Bi urte igaro ostean, Etxebestek hartu zion lekukoa Arrietari, gaur egun arte.
Egitasmoak geroz eta jarraitzaile gehiago izan arren, 2012. urte inguruan, krisi ekonomikoak gogor jo zuen informazio eta komunikazioaren mundua ere, eta are gehiago paperezko prentsa. Egoera horrek eta harpidedunen beherakadak bultzatuta, zenbait murrizketa egin behar izan zituzten jada 2010eko azarotik OARSO BIDASOKO HITZA zenean. Etxebesterentzat une hori momentu «zailena» izan zen, «aro konplikatuena». Zenbait kaleratze egin behar izan zituzten, eta papereko edizioa egunkari izatetik astekari izatera pasa. Nahiz eta egoera egokiena ez izan, sarean bere txokoa aurkitu zuen Hitzak, eta gaur arte mantentzea lortu du. Etxebestek nabarmendu du sareei esker, «inoiz baino jarraitzaile gehiago» dituela egun OARSO BIDASOKO HITZAk.
Internet erreminta baliagarria izan arren, errentagarritasuna da, hiruek nabarmendu dutenez, egungo Hitzaren arazoetako bat. Arrieta: «Noski Hitzak interneten egon behar duela, baina presentzia hutsarekin, harpidedun gabe, ez duzu ezer egiten». Harpidedunetan jarri dute garrantzia, haiek baitira, hiruen aburuz, benetan Hitza egiten dutenak. Hau da, Oarsoaldeko eta Bidasoko euskarazko hedabidearen funtsezko atal dira harpidedunak, eta horren harira, aurten eta hurrengo urtean aurrera urratsak egiteko prest dago hedabidea, egitasmoaren bideragarritasuna indartze aldera.
Erreferentzialtasuna
OARSOALDEKO HITZAren lehen alea kaleratu zenetik, tokiko hedabideen artean erreferentzialtasuna bilatzea izan da helburu nagusietako bat. Arantxa Iraola: «Hitza erreferente izatea, hori da bete behar duen funtzioa». Horrez gain, noizbehinka «produktu landuagoak» sortzeko ardura ere baduela nabarmendu du, eta gaur arte modu egokian egin duela lan hori. Orain arte sortutako albiste, elkarrizketa eta erreportaje guztiak, Etxebestek argitu bezala, «euskararen mundutik, berdintasunetik, pluraltasunetik edaten eta edaten emateko» jorratu dituzte kazetariek. Era independentean eta objektiboan.
Funtzio horiek betetzeaz gain, Ekaitz Arrietak HITZAko langileek azken hamabost urteotan egin duten lana baloratu nahi izan du: «Hitzaren kasuan ez dugu baloratzen daukaguna. Herritarrek ez dugu baloratzen zer den egunero gaur pasatako hori momentuan sarean eta euskaraz eskura izatea». Iritzi berberekoa da Iraola: «Orokorrean falta denari begira egoten gara herritarrak, baina egiten dena ez dugu askotan begiratzen».
Bi hilabetera, OARSOALDEKO HITZAk hamabost urte beteko ditu. Urtebetetzea behar bezala ospatzeko, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria-Oreretako herritarrekin batera egitasmoaren nondik-norako guztiak konpartitu nahi ditu hedabideak. Hurrengo urtean, berriz, Bidasoan gehiago zabaltzeko asmoa du Hitzak.
15. urteurreneko promozio irudi orokorra.
Komunitatearekin elkarlanean indartzeko bidea hasi du HITZAk
OARSOALDEKO HITZAk aurten hamabost urte beteko ditu, eta BIDASOKO HITZAk 2019n hamar. 2010eko azarotik OARSO BIDASOKO HITZA egitasmoa garatzen ari dira, papereko edizioa nahiz Internetekoa landuz. Euskarazko tokiko prentsan erreferentzia den hedabideak egindako bideari balioa emateko, komunitatea trinkotzeko eta handitzeko, eta aldi berean etorkizunerako oinarri sendoak baliatzeko aukerarik ez du galdu nahi. Irakurlerik, harpidedunik, edo euskarazko hedabideen kontsumitzaileen komunitaterik gabe, ez litzatekeelako existituko egitasmoa.
Lehenengo urteurren biribilari eutsiz, OARSOALDEKO HITZArena, hedabideak jada hasi du komunitate horrekin lana. Hala, jada herriz herri harpidedunekin batzarrak egin ditu 15. urteurrenaren gaineko azalpenak emateko, eta aldi berean, Oarsoaldeko eragileekin ere batzartzen hasi da, informazioa eman, eta aldi berean, atxikimendua jasotzeko.
Hitzak eskualdeari eman diona balioan jartzea, eta hedabidearen zabalkundean transmisioa bermatzea dira 15. urteurrenaren harira jarri diren mugarriak, eta horretarako, hainbat bide eta euskarri baliatuko dira. Tartean, buruz buruko hartu-emanak —herrietako eragileekin, sindikatuekin, ikastetxeekin, norbanakoekin…—, eta komunikazio kanpaina daude: horren lelo nagusia Gurea da Hitza da.
Harpidedunak aurrean
Komunitatea indartzeko bidean, ezinbestekoa da harpidedun direnek egiten duten ekarpena aitortzea. OARSOALDEKO HITZAren 15. urteurren honetan egitasmoaren zutabe nagusi diren harpidedunak lehen lerroan jarriko dira, haiei begirako hainbat jarduera eta egitasmo egingo direlarik.
Proiektua bideragarri egiteko eta zabaltzeko ezinbesteko baitira harpidedunak, orain artekoak, eta berriak.