Itturri Oiartzungo merkataritza elkartearen kanpaina txalotu du udal erakundeak; herriko komertzio txikiari indarra emateko balio duela esan dute
Erosketak Oiartzunen egitea funtsezkoa dela uste du udalak.
Itturri Oiartzungo merkataritza elkarteak, aste honetan bertan, kanpaina berria hasi du, herriko komertzioa sustatzeko.
Oiartzunen bizi, Oiartzunen erosi kanpainak hilaren 25era arte iraungo du. Bat egin duten komertzioetan erosten dutenek zozketa batean parte hartzeko txartelak jasoko dituzte. Ehun euroko bost sari banatuko dituzte hilaren 26an, denda horietan gastatzeko.
Oiartzungo Udalak bat egin du kanpaina horrekin. Herriko komertzio txikia sustatuko duelakoan, Itturriren ekimena txalotu dute. Oiartzuarrak bertan parte hartzera animatu dituzte. “Izan ere, komertzio txikia herriari bizitza emateko ezinbestekoa da. Bertan kontsumituz, herriko ekonomia indartzen da”, esan dute.
Estekan sakatuta ikus daiteke kanpainarekin bat egin duten komertzioen zerrenda.