[Bideoa] ‘Kaskelot’ ontziak emango dio hasiera Pasaiako Itsas Festibalari

L’Hermione ez da bihar Pasaiara iritsiko. Haizearen kontra aritu da nabigatzen Portugaleko Portimaotik irtenez geroztik, eta enbataren kontrako borrokan arazoak izan ditu belaontziak larrialdi egoeretarako duen motor laguntzaileetako batean. Hori dela eta, L’Hermione Vigoko portura bidean da gaur, han matxura konpondu eta ahalik eta azkarren Pasaiara etortzeko. Gauzak honela ez dago oraingoz zehazterik ontzia badiara noiz iritsiko den, ez eta Festibala bitartean porturatuko den.

Egoera zehatzaren berri emateko agerraldia egon da gaur goizean Gipuzkoako Aldundian, eta bideo batekin eman diote hasiera prentsaurrekoari. Bideoan Xabier Agote ageri da, L’Hermione-ren kapitainarekin batera, izan dituzten arazoen berri emanez. Skype bidezko konexio bat ere egin dute, L’Hermione-ren elkarteko ordezkari orokorrarekin. Berak adierazi du ahalegin guztia egingo dutela Pasaiara garaiz iristeko eta ahal dela Vigotik Pasaiara bidean gaur gauean irtengo direla.

Prentsaurrekoan hitza hartzen lehena kultura Diputatu Denis Itxaso izan da, eta berak adierazi du Xabier Agote  eta berarekin diren beste hiru euskaldunak Vigon lehorreratu eta Pasaiara etorriko direla, bihar, Itsas Festibalaren inauguraziorako bertan izateko.

L’Hermione-ren eskifaiari eskerrak luzatu dizkio, bide batez, kultur diputatuak, Pasaiara garaiz iristeko egiten ari den ahaleginarengatik, eta kapitainaren helburu nagusiak eta horien hurrenkera ekarri ditu gogora Itxasok: “Pertsonen segurtasuna, ontziarena, eta Pasaiara iristea”. “Epikotzat” jo du zeharkaldia.

Albaolako arduradun Herme Pedrosok L’Hermionek nabigazioan izan dituen arazoen berri zehatzago eman du, eta egoera bideratzeko ahaleginean egin diren saiakerak azaldu ditu. “Zig-zag-ean aritu dira nabigatzen, amura haizeak lagunduta lortzeko igotzen, baina alferrik izan da”.

Festibala aurrera

Zailtasunak zailtasun festibala aurrera doala iragarri du Pasaiako alkate Izaskun Gomezek, eta azken orduko aldaketa batzuen berri eman du. L’Hermione-rik ezean gaur 19:00etan porturatuko den Kaskelot ontziak izango du festibala inauguratzeko ardura.

Bihar (hilak 17), ordu berean, bokalera irtengo da Kaskelot festibalean parte hartuko duten beste ontzi tradizionalen bila atera eta haiek lagunduta berriro porturatzeko. 116 ontzi tradizional elkartuko dira badian hilaren 17tik 21era bitartean.

70 urte ditu Kaskelot belaontziak. Hiru mastako belaontzi eder bat da, 46,5 metroko luze. Film askotan agertu da, tartean, The Last Place on Earth (1985); Revolucion (1985) edo Retorno a la isla del tesoro (1986). Konpainia britaniar baten jabetzakoa da eta itsas bidaia pribatuetarako eta produkzio zinematografikoetarako alokatu ohi dute. Belaontzia bisitatzeko aukera egongo da.

Ontzi txikiagoen aldarri

Galizia da Pasaiako Itsas Festibaleko ohorezko gonbidatua, eta agerraldian Pablo Carrera  galiziar espedizioaren arduraduna izan da. Ontzi txikien aldarria eginez hasi du bere interbentzioa: “L’Hermione ikusgarria da, baina festibalak eskainiko duen irudirik ederrena, badian elkartuko diren ehunka belak elkarrekin ikustea izango da”, adierazi du.

Askotariko ontziak egongo direla goraipatu du Carrerak, eta Galiziatik dituzten ontzi tradizional guztien erakusgarri oparoa dakartela iragarri du. Hemeretzi ontzi datoz Galiziatik Pasaiara.

Sarreren itzulera

L’Hermione bisitatzeko sarrera jende askok erosia du, – 6.400 sarrera saldu dira Internetez- eta azkenik horiek egin izango balira dirua itzultzeko konpromisoa agertu du gaur festibalaren antolakuntzak. Azkenean ontzia porturatzen bada zita berriak erraztuko dituztela iragarri dute, baina aldaketa ezinezko zaionari dirua itzuliko diotela agindu dute.

Horrez gain, festibala bitartean, L’Hermione-n lokalizazioaren berri zabala emango dutela iragarri dute, ekitaldien atarian, pantailen bidez, jendeak  lehen eskutik ezagutu ditzan L’Hermione-ren etorreraren gainekoak.

Bideoa atzoko da (hilak 15).

 

 

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend