16.800 herritar artatu ditu Zu! Zure Udala zerbitzuak

13.800 herritar presentzialki artatu dituzte eta 3.000 telefonoz hiru hilabetean

Eñaut Gracia zinegotzia Zu! Zure Udala zerbitzua ematen den eremuan.

Hiru hilabeteko ibilbidearen ostean, Zu! Zure Udala zerbitzuaren balorazio positiboa egin du Errenteriako Udalak. Eñaut Gracia Informazio Gizartea eta Herritarren Parte-hartzerako zinegotziak Zu! Zure Udalak artatu dituen herritarren kopuruak eman ditu zerbitzuaren gaineko balorazioa egiteko agerraldian: 16.800 herritarrek baliatu dute zerbitzua hiru hilabetean. “13.800 pertsona baino gehiago artatu dituzte zerbitzuan modu presentzialean eta 3.000 baino gehiago telefono bidez”, azaldu du Graciak, eta gaineratu du bisita kopuru handiena, astelehen eta asteartean izaten dituela zerbitzuak ordu zentraletan.

Hobetzeko arloak daudela onartuta, “zerbitzua egonkortuta” dagoela esan du, eta horrenbestez orain arteko eskaintzari bi tramite berri gehitu dizkiote:  Mugi txartela, eta trafikoko helbide aldaketak. Azken tramite horren harira, DGTrekin hitzarmena sinatu duela udalak azaldu du Graciak, “lan hitzarmen horri esker, trafikoko helbide aldaketak Zu! Zure Udala zerbitzuan egin ahalko dituzte herritarrek hilaren 21etik aurrera, DGTko bulegoetatik pasa behar izan gabe”.

Zerbitzua “erreferentziazkoa” bilakatu dela dagoeneko errenteriarrentzat erantsi du, “leihatila bakarra errealitate bilakatu da, eta ia edozein administrazio tramite egin dezakete herritarrek puntu bakar batetik. Hobekuntzen arloan gainera, zerbitzua indartu egin dutela azaldu du, “zortzi langile hasi ziren zerbitzua ematen eta orain, eskaerari erantzuteko, bi lagun gehiago ari dira, 10 guztira. Giza baliabideak %25 handitu dira”.

Herritarrak erdigunean

Otsailaren 19an zabaldu zituen ateak Zu! Zure Udala zerbitzuak, bi urteko lanaren ostean. Errenteria 2015 Plan Estrategikoak ongi konektatutako herri bat sortzea zuela lan ildoetako bat gogorarazi du agerraldian Graciak, “erronka horrek, beste aspektu ezberdin batzuez gain, udalak herritarrekin erlazionatzeko erabiltzen zuen antolaketa eredua eta sistema telematikoa birpentsatzera behartu gintuen”. Hausnarketa horretatik jaio zen herritarren arreta zerbitzu integral bat abian jartzeko beharra, eta duela hiru hilabete  errealitate bilakatu zuen udalak Zu! Zure Udala martxan jarrita.

Helburu behinena, herritarra eta bere beharrak erdigunean jarriko zituen espazioa sortzea zela esan du eta horrela egin duela Zu! Zure Udalak, “lan hori gauzatzeak ahalegin handia ekarri du antolaketari dagokionez. Fisikoki zortzi udal sail tokiz aldatu, eta teknologia alorrean, garai eta filosofia berrietara egokitzeko apustu handia egin du udalak, Udal prozedurak arrazionalizatu eta aldatzeko lan eskerga egin da, gainera, beti ere errenteriarren hobe beharrez”.

Zu! Zure Udala zerbitzua zabalik dago 07:30etik 15:00etara astelehen, asteazken, eta ostiraletan; eta 07:30etik 20:00ak arte astearte eta ostegunetan. Erabilera handiko uneetan herritarrek zerbait itxaron behar izaten badute ere, ordutegi zentraletatik kanpo arreta ia berehalakoa dela nabarmendu du Graciak.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend