Errenteria Irabaziz hautesle elkargoko kide den Jose Manuel Ferradasen gutuna Israel Palestinan egiten ari den sarraskiaren gainean.
Errenteria Irabaziz udal taldeak, Errenteriako Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdi politikoei Palestinari elkartasuna adierazteko adierazpen instituzional proposamena aurkeztu die. Azken asteotan, Gazako palestinarrak martxa egiten ari dira beren lurraldera itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko. Itzuleraren Martxa Handia izenarekin, martxoaren 30ean abiatu zen. Zisjordaniako palestinarrak, halaber, martxa horretan ari dira parte hartzen, eta aldi berean manifestazioak egiten ari dira AEBek Israeldik Jerusalemera enbaxada eraman izana salatzeko.
Martxoaren 30etik gaur arte, Israelek gutxienez 70 palestinar hil ditu eta 6.000tik gora zauritu, horietako batzuk larritasunez. Egun bakarrean, 50 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek gazako eremuan. Erakunde guztien elkartasuna, beraz, beharrezkoa da, ezinbestekoa, baita Errenteriako Udalarena ere. Gazan ikusten ari garena gerra krimenak dira, eta Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa larria Israelen aldetik.
NBEk, hainbat estatuk, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak hilketa horiek deitoratu dituzte, eta bortizkeria amaitzeko galdegin diote Israeli. NBEren 242 ebazpena bete behar du Israelek, eta okupatutako Palestinako lurraldeak utzi.
Gobernuei benetako presioa eragiteko unea heldu zaigu, Israeli sarraskiak amaitzea derrigortu diezaioten. Sarraskiak gelditu ditzaten bitarteko guztiak erabilita. Hori da Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei babestea eskatzen diegun adierazpen instituzionalaren helburua.
Jose Manuel Ferradas, Errenteria Irabaziz.