Oiartzungo Sortuk Miribillara joateko deia egin du

ETArik gabeko eszenatoki berrian, bake oso eta iraunkorraren zein Euskal Herriaren askapenaren alde lanean jarraitzeko bultzada izango da ekitaldia
oiartzun sortu baietza sortzen

Ezker abertzaleko kide ugari hurbildu zen Hipatiaren lorategira.

Agerraldi jendetsua egin zuten atzo —asteazkena— Hipatiaren Lorategian, Oiartzungo Sortuk deituta. Larunbatean Bilbora joateko deia zabaldu zuten bertan, baita egungo testuinguru politikoaren kokapen txiki bat ere. Izan ere, gaur bete dira bi aste ETAk bere desegitea iragarri zuenetik.

Erabaki horrek etorkizunari ate bat ireki diola ziurtatu zuten, “nahiz eta batzuek itsu eta gorrarena egin”. Etorkizun horrek nolakoa izan behar duen irudikatu zuten: “Elkarbizitza eredu demokratikoan oinarrituta egon beharko du, eta Euskal Herria demokratizatzeko, pertsona guztiek eskubide guztiak izan beharko dituzte”. Gainera, Euskal Herriak bere etorkizunari buruz galdetua izan behar duela berretsi zuten.

Gaineratu zutenez, ezker abertzaleko kideek etorkizun berri hori eraikitzeko konpromisoa dute: “Geurea herri bizia da, amets egiten duena, aspirazioak dituena. Aspirazio horiek urratzeko tentazioa dute batzuek, baina guk lanean jarraituko dugu pertsona librez osatutako jendarte askea lortu arte”.

“Bultzada aro berriari”

Zabaldu berri den aro berriari bultzada bat eman behar zaiola iritzi dute Oiartzungo Sortuko kideek. Arrazoiak zerrendatu zituzten: “Etorkizuna parez pare irekita izan nahi dugulako; bultzada berria behar dugulako; bake osoa, bidezkoa eta iraunkorra nahi dugulako; eta herri gisa askapen nazional eta sozialean aurrera egin nahi dugulako ere bai”.

Horregatik, datorren larunbatean, hilak 19, Bilboko Miribilla auzoko kirol pabiloira joateko gonbita luzatu dute. Sortuko ekitaldi nazionala antolatu du bertan, 17:30etik aurrera, Baietza Sortzen, Konpromiso eta ilusioak eraberritzen lelopean. Euskal Herri osotik etorritakoak ez ezik, urte luzez bidaide izan dituzten nazioarteko kideak izango dira bertan: Sinn Fein eta Corsica Liberako zuzendaritzetako ordezkariek, besteak beste. Bilbora joateko autobusen zerrendak Potte, Kastro Berri eta txokolategian jarrita daude. Bihar, ostirala, kenduko dituzte zerrendak.

Oiartzungo Sortuk herriko ezker abertzaleko kideei, agerraldia bukatzeko, gonbita luzatu zieten: “Baietza sortzen eta aukerak irekitzen jarrai dezaten eskatzen diegu, baita borrokarako konpromisoa eta ilusioa eraberritu eta lanean jarraitzeko. Maiatzaren 19an, denok Miribillara!”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend