Palestinako herriaren kontra Israelek egindako eraso bortitza salatu dute

Palestinaren aldeko elkarretaratzea atzo, EH Bilduk deitua.

Hamarnaka lagun bildu ziren atzo EH Bilduk deituta Palestinako herriari elkartasuna adierazi, eta Israelek egindako eraso bortitza salatzeko. Joan den astelehenean gutxienez, 60 palestinar hil zituzten Israelgo militarrek  AEBek Jerusalemen enbaxada ireki izanak sortutako protestetan, horietako zortzi adingabeak —tartean, zortzi hilabeteko haur bat—, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Horiez gain, 2.700 zauritu baino gehiago eragin dituzte, 1.000 inguru balen ondorioz. Gertatutakoa salatzeko herenegun egindako mobilizazioetan, beste bi palestinar hil zituzten tiroz, eta beste dozenaka zauritu.

Azken gertakari  larriak salatu zituzten atzo bildutakoek, baina ahaztu gabe 70 urte daramala Israelek Palestinako herriaren kontra egiten. Beñat Irasuegi EH Bilduko kideak gogor salatu zuen Israelek duen inpunitatea, “azken aldian izugarria da Israelek duen inpunitatea Palestinako herritarrak erasotzeko, eta hori salatu nahi dugu bereziki. Palestinako herritarrek eskaera legitimoak dituzte, hori adierazi nahi dute eta munduaren itsukeriaren aurrean Israelek nahi duena egiten du. Uste dugu herriz herri behintzat hori salatu behar dugula”.

Errenteria-Oreretako EH Bilduk talde internazionalista bat sortu duela jakinarazi zuen bestalde, Irasuegik. Atzokoa, zehazki, izan zen talde horrek egin zuen lehen ekintza: “Asmoa da  hemendik aurrera internazionalismoarekin lotura duten gaiak lantzen, bai salaketarako, baita munduko beste herriekin ere harremanak eraikitzeko”. Aurrerantzean antolatzen dituzten elkarretaratzeak, atzokoa bezala, Agirre Lehendakariaren plazan izango dira, bertan den Lampedusaren mosaikoaren ondoan.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend