Helduek bizikletan ikas dezaten ikastaroak antolatu dituzte

Ekainean izango dira ikastaroak, 4tik 14ra Trintxerpen eta 18tik 28ra Antxon. Ikastaroak udalak antolatu ditu, aldundiarekin elkarlanean, eta Trintxerpe Atletiko Klubak laguntza teknikoa emango du, izena ematen dutenek ikastaroa egiteko material guztia eskura izan dezaten.

Gaur aurkeztu dituzte ikastaroak, izen-ematea zabaldu den egun berean. Interesdunek HAZ bulegoetan eman behar dute izena, edota udalaren webgunearen bidez.

Trintxerpen ikastaroa 10:00etatik 12:00etara izango da Aranederreko pistetan eta Antxokoa, ordutegi berean, Ibaiondo frontoian. Aste barruan izango dira klaseak, astelehenetik ostiralera.

Helduek trebetasuna har dezaten eta bizikletan ibiltzeko beldurra gal dezaten lortzea izango da ikastaroen helburua. Hori dela eta, bizikleta gainean ibiltzen ikasteaz gain, ikastaroan bestelako edukiak irakatsiko dituzte: bizikletaren mantentze lanetarako oinarrizko ezagutza, bide segurtasunerako gomendioak, eta baita zirkulazio arauak ere.

Gainera, bizikleta ikastaroa egiten duten guztiek kaskoa jasoko dute opari. Ikastaroak doakoak dira.

Bizikleta elektrifikatzeko tailerra

Gure ingurune geografiko malkartsuan bizikletan ibiltzea beti ez dela erreza izaten jakitun erakundeek bizikletak elektrifikatzeko tailerra antolatzea erabaki dute baita ere. Ekainaren 30ean izango da tailerra, Trintxerpen.

Tailer hau bizikleta modelo tradizionala baztertu gabe, elektrikoa erabiltzen hasteko asmoa dutenei bideratuta dago. Ikastaroan merkatuak dauden aukerak erakutsiko dituzte – kit elektrikoak saltzen dituzte bizikleta hibridoak muntatu ahal izateko-, eta horiek nola muntatu daitezkeen erakutsiko dute tailer praktiko baten bidez.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi kit elektriko erakutsiko dituzte, eta udalak dituen tokiko mailegu-zerbitzuaren bi bizikletatan muntatuko dituzte, bertaratuek zuzenean ikus dezaten nola egiten den muntaketa eta zer abantaila dakartzan.

Tailerra kalean egingo da, 10:00etatik 13:00etara, Euskadi etorbidean, Ciriza etxearen inguruan. Debaldekoa da eta parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan edo udalaren webgunean.

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend