Orratx! antzerki taldeak 'Gau festa' estreinatuko du larunbatean. Gauez, eta festa giroan izango da estreinaldia, Markesanen, izarren azpian.
Orratx! antzerki taldeko kideak lokal berrian.
Lezoko Orratx! antzerki taldeak 20 urte bete ditu aurten. Hori ospatzeko Gau Festa egingo dute larunbatean. Bertan
Gau festa ikuskizun berria estreinatuko dute. Antzerkiaz izarpean gozatzeko aukera izango dute lezoarrek eta nahi duten guztiek, emanaldia 22:00etan hasiko delako, kalean, Markesanen. Horren aurretik, 21:00etan, kontzertu txiki batez egingo diete harrera ikusleei. Eguraldi txarra egingo balu, Herri Eskolako jolastoki estalian egingo dituzte jarduerak.
Hogei urte gaztetuko dira Orratx!-eko aktoreak larunbatean. Daudenak, eta joan zirenak. Izan ere, taldean egun daudenez gain, euren ekarpena egindako herriko aktoreek ere izango dutelako tokia bi hamarkadak ospatzeko emankizunean. “Entseguak izugarriak izaten ari dira, oso ederrak”, adierazi zion Lierni Fresneda taldearen zuzendariak HITZAri,
antzerki taldeari buruz egindako erreportajean.
Herriaren aitortza eta babesa dutela sentitzen dute taldeko aktoreek. Lezon antzezlan bat aurkeztu duten bakoitzean herritarren erantzuna izugarria izan dela. Eta hala izango da larunbat gauean ere, taldearen estiloak, umoreak, profesionaltasunak—amateurra izan arren— eta konpromisoak tamainako erantzuna izango duelako, sekulakoa. Gainera, Lezoren arnasguneetako batean, non eta Markesanen. Fresneda: “Taldea da garrantzitsua hemen, bakoitzak bere tokia du, eta banan-banan bakoitzak bere garrantzia”. Hori da Orratx!.
Gau festa biribila izan dadin lagun dezala eguraldiak. Antzerkiaren festa, ilusioaren festa izango da larunbat iluntzean Markesanen.