'Miracolo a Milano' filma proiektatuko dute, 19:30ean, Ertin.
San Pedroko Proisa egitasmoko kideen familia argazkia
San Pedron, Proisaren aterpean, hilabete batzuk dira Zurruna Zinekluba martxan dela. Hilero antolatzen dituzte zine emanaldiak, eta ekaineko emanaldia gaur izango da, 19:30etik aurrera, Ertin.
Gaurko klasiko italiar bat hautatu du Zurruna Zineklubak, familia osoarentzat egokia. Vittorio De Sicaren
Miracolo a Milano proiektatuko dute. Drama eta komedia uztartuta, Milango auzo pobre bateko umezurtz baten komeriak bildu zituen maisuki zine zuzendari italiarrak. Pelikulak Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen 1951. urtean.
Proisa Eguna ate joka
Asko eta askotarikoak dira Proisak ekoizten dituen ekitaldi kulturalak. Kontzertuak, antzerki emanaldiak, ikus-entzunezkoak… “bor-bor” ari da autogestionatutako gunea aspaldian, eta hori guztia ospatzeko, aurten ere Proisa Eguna antolatu dute. Hilaren 16an izango da festa, behin-behineko Proisaren orubearen bueltan.
Behin betiko egitaraua zehazteke, hainbat zertzelada aurreratu dituzte. Autoedizio azoka antolatuko dutela iragarri dute, arratsaldez, eta 18:00etatik 23:00etara kontzertuak. Arrotzak, Txost!, eta Tenpera taldeek lehenik eta ondoren Dj Orlök Kondeak girotuko dute festa.