Igandeko giza katea kolosala izateko bidean da. Lezon jada herrian jarritako 500 laguneko helburua gainditu dute. 600en bila doaz orain.
Herriko hautetsiek ere ‘Gu bagoaz’ esan dute.
Igandeko Gure Esku Dago-ren (GED) giza katerako 500 lezoarren partaidetza jarri zuten helburutzat, eta lortu bakarrik ez. Gainditu egin dute kopuru hori. Gaur goizeko datuen arabera, 504 lezoarrek dute izena emanda Getariatik Zarautzera bitarteko kilometroan egoteko. Baina adi inguruan kilometroa duten beste herrietako kideok: Lezoko Gure Esku Dago-k 600 pertsonatan jarri du helburua orain. Hau da, edo lezoarrak oso-oso pilatuta jarri beharko dira dagokien eremuan, edo beste herrietakoek tartea utzi beharko diete, bietatik bat. “600 baietz!”, esan dute herriko GEDetik.
Herriko Gure Esku Dago-k giza kateari begira jaso duen atxikimendu mordoaren artean, herriko hautetsiena ere badago. EAJren eta EH Bilduren udal taldeetako kideek bat egin dute iniziatibarekin (goiko argazkia eurena da).
Bien bitartean, Lezoko GEDk igandera arte jarraituko du giza katerako katebegi bila. Hala, hiru proposamen gehiago ditu oraindik izena eman ez dutenek hori egin dezaten:
- Gaur (asteazkena) 18:30etik 20:00etara Kultura aretoan.
- Etzi (ostirala) Gure Esku Dago-k Tiñelun arratsaldean egingo duen pintxo potean.
- Igandera arte, Internetez.
Gauzak horrela, Lezoko GEDek herria zoriondu nahi izan du giza katearekin izan duen inplikazioagatik, “eta gogorarazi nahi dugu erabakitzeko eskubidea izango dela etorkizunean gatazkak gainditzeko tresna eraginkorrena. Guk lanean jarraituko dugu”.
Iganderako informazio praktikoa
Igandeari begira, hainbat ohar helarazi nahi dizkie Lezoko GEDek herritik giza katera joango direnei. Lehenik, Lezotik Getariara joateko autobusetan izena eman dutenek 09:00ak baino lehen egon beharko dute Villa1-Villa2ko bihurguneko autobus geltokian, ordu horretan aterako direlako autobusak Getaria aldera. Binaka aterako dira autobusak, eta bete ahala hartuko dute Getariarako bidea.
Autobusez Getariara joango ez direnentzako abisua: lezoarrentzako zita Getariako pilotalekuan jarri dute, 10:30ean.