Hamarnaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Oarso Bidasoko Ernai gazte antolakundeak Errenteria-Oreretan deitu zuen manifestaziora.
Eranik deituta hamarnaka lagun bildu ziren atzoko manifestaziora.
Hamarnaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Oarso Bidasoko Ernai gazte antolakundeak Errenteria-Oreretan deitu zuen manifestaziora. Altsasukoak askatzearen aldeko aldarriak hartu zituen kaleak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Perals fiskalak Altsasukoen kontrako epaiari helegitea jarri diola jakin zen egunean. Fiskalak terrorismo delitu gisa zigortzeko eskatu du helegite horretan. Beste hainbeste egin du Oreretako hiru gazteen eta Beasaingo baten epaiaren aurrean, atzo bertan jakin zen horri ere helegitea jarri diola eta joan den martxoko Iruñeko gertakariak terrorismo delitu gisa zigortzeko eskatu duela.
Iruñean manifestazioa deituta dago bihar arratsaldeko bostetan Altsasuko gazteei elkartasuna adierazi eta aske uztea exijitzeko. Aurreikusi daiteke manifestazioa inoizko jendetsuena izango dela, eta Euskal Herritik ez ezik, beste herrialdeetatik ere helduko dela elkartasun uholdea. Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietan ere antolatu dira autobusak bihar Iruñeko manifestazioarekin bat egiteko.