Costa Rican jaiotako abeslariari buruzko dokumentala eskainiko dute hilaren 29an, Sexu Askapenaren Egunaren biharamunean
Ezkerrean, Chavela Vargas Frida Kahlorekin, gazte zenean. Eskuinean, Vargas bera, zaharrago.
Datorren ostegunean, hilak 28, beteko dira 49 urte New Yorkeko Stonewall Inn tabernako istiluak gertatu zirenetik. Homosexualak ziren hango bezeroak, eta poliziaren
bisitak ugariak ziren. Gau hartan haien kontra matxinatu ziren, eta ordutik, LGBT Harrotasunaren —edo Sexu Askapenaren— Nazioarteko Eguna ospatzen da.
Oiartzunen, aldarrikapen hori azalerazteko, dokumental emanaldia antolatu dute. Egun horren biharamunean —hilaren 29a, ostirala— izango da ekitaldia, udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan hasita.
Chavela dokumentala eskainiko dute, Costa Rican jaio eta bere abeslari eta aktore ibilbidea Mexikon taxutu zuen Chavela Vargasi buruzkoa. Daresha Kyi eta Catherine Gundek zuzendu zuten dokumentala, eta iaz estreinatu zen.
25 urte tiraderan
Filmak 1991n du jatorria. Vargasek hamabi urte zeramatzan eszenarioetatik aldenduta, eta bere itzuleran, Kyik erabaki zuten grabatzea. Ia mende laurdena tiraderan egon ondoren, 2015ean dokumental bat egitea erabaki zuten.
Vargasen bizitza islatzen du dokumentalak, eta haren lesbiana izaerari buruz hitz egiten dute. Bere haurtzaroa, alkoholismoa, harremanak eta beste jorratzen dituzte baita ere. 80 urterekin atera zen armairutik, nahiz eta denek zekiten zein zen bere joera sexuala.
Dokumentala Berlinale, Guadalajarako (Mexiko) eta Malagako film jaialdietan edo Bartzelonako Gay eta Lesbianen Nazioarteko Zinema Mostran proiektatu dute, besteak beste. Oiartzunen doan ikusteko aukera egongo da.