Hasten denak normalean izaten du bukaera. Liburuek, bizitzak, obrek, haserrealdiek… Eta hobe hala. Eta, behinola zarranbilo honetan eseri nintzen, eta batzutan norbaitek bultzata, eta beste batzuetan nire hankek eraginda, atzera eta aurrera, gora eta behera, batzuetan begiak itxita hegan egitearen sentsazioa bizitzeko eta bestetan begiak irekita, zarranbilotik jaisteko momentua heldu dela erabaki dut.
Eskerrak eman nahi dizkiot Oarso Bidasoko Hitza-ri zutabegile izateko aukera eman izanagatik. Gisako esperientzia izan dudan lehen aldia da (eta, akaso, azkenekoa) eta gustura aritu naiz. Eskerrak eman nahi dizkiet, baita ere, irakurleei. Agian, noizbait, kuriositatea piztuta tarte bat eskaini izan diozue lerro hauei.
Beste bati pasoa ematea izan liteke, ziurrenik, momentu honetan inteligenteki jokatzeko modu bakarra
Ziur asko dagoela oraindik esateko, konpartitzeko, mahai gainera ateratzeko… Baina uste dut nire garaia bukatu dela. Errepikatzen hasi aurretik, beste bati pasoa ematea izan liteke, ziurrenik, momentu honetan inteligenteki jokatzeko modu bakarra. Eta, gainera, konturatu naiz ez naizela polemista izateko jaio…
Horregatik, bere garaian Oskorrik esan zituen hitzak nirera ekarriz, esan nahi dizuet hauxe dela despedida.
Batzuetan zapore mikatza izaten omen dute despedidek, baina, ni bederen, zapore garratzik gabe noa. Gauza bera opa dizuet…
Uda on!