Eraso sexistak amorruz eta nahi bezala salatzeko zilegitasuna azpimarratu dute Antxon uztailaren 7an egin zuten manifestazioan. "Beldurra aldez aldatuko dugu" eta "autodefentsa feministaz armatuta gaude" aldarriak defendatu zituzten.
Eraso sexisten aurkako manifestazioa Antxoko jaietan. Argazkia: Julen Lazkano
Eraso sexistak amorruz eta nahi bezala salatzeko zilegitasuna nabarmendu dute Antxon uztailaren 7an egin zuten manifestazioan. “Beldurra aldez aldatuko dugu” eta “autodefentsa feministaz armatuta gaude” aldarriak defendatu zituzten.
Harremantxo talde feministaren eta Antxoko TOPAgunearen iniziatiba izan zen uztailaren 7an burutu zen erasoen aurkako manifestazioa. Gaueko 01:00etan abiatu zen Luzuriagatik eta parte hartzaileek arropa beltza eta aurpegia estalia zeramatzaten. Surdoek (danborrek) irekitzen zuten bidea eta suak jarraitzen zien atzetik.
“Nazkatuta gaude beti biktima bezala agertzearekin, kaleak eta gauak amorruz eta indarrez hartuko ditugu”, esan zuten amaierako
irakurketan. Estereotipoak eta eskemak haustea zuten helburuetako bat eta amorrua ateratzeko plaza sortzea, “aurpegiak estali ikusiak izateko”.
Era berean, mezua erasotzaileei iristea nahi izan dute: “Ez diogu genero maskulinoari beldurra eragin nahi, baina bai erasotzaileei. Biolentzia sistemak emakumeei eragiten dien beldurra da, eta egunerokoa da. Gurea, ordea, horren aurreko erantzuna da, autodefentsa da”. Erasoen aurreko erantzunak emateaz gain, beste bide batzuk jorratu behar direla ere esan zuten amaieran autodefentsa feministara deituz: “Libre izan nahi dugu eta ez ausartak. Gure armekin jabetzera eta erabiltzera deitzen zaituztegu. Logika berdinean jarraitzen duen sistema zapaltzailea irauli arte ez dugu gelditzeko asmorik. Hilko gaituen gerrarik ez, zapalduko gaituen bakerik ez”.
Manifestazioa baino bi egun lehenago Antxon identifikatu zituzten puntu ilunak zeharkatu zituzten, argitzeko asmoz. Mezuak itsatsi zituzten leku horietan. Ekintza honek ere herriaren erantzuna izan zuela jakinarazi dute.