Trintxerpen giroa ez dago itzaletan
Eguzkiak berotu ditu Trintxerpeko kaleak jaietako bigarren egunean. Goizeko haurren danborradan, herri kiroletan zein bazkari herrikoian ez zaie energiarik falta izan, ezta urik ere.
Eguzkiak berotu ditu Trintxerpeko kaleak jaietako bigarren egunean. Goizeko haurren danborradan, herri kiroletan zein bazkari herrikoian ez zaie energiarik falta izan, ezta urik ere. 12:ooetan abiatu da haurren danborrada Gudari plazatik. Ia bi orduko ibilbidea egin dute txikienek entzuleei danbor hotsak eskainiz. Bidean, herrik kirolen erakustaldiarekin elkartu gara. Aurten kirolari guztiak emakumeak izan dira. Aizkora mozten Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo ikusi ditugu eta harria jasotzen Idoia Etxeberria. Bazkalorduan berriro ere Gudari plazan elkartu dira hainbat koadrila. Gazte, haur eta helduak. Korkoiburuek antolatutako bazkari honetan 150 pertsonek parte hartu dute. Bazkari anitza izan da, adin desberdinetako jendea eseri baita mahai inguruan eta bakoitzak bere gustuko zaporeak ekarri dituelako etxetik. Bazkalostea bakarlari batekin girotuko dute. Festak jarraitzen du gaur arratsaldeko egitarauarekin. 17:30etan Azkueneren danborrada irtengo da Ulia kaletik. 18:30etan sardina-jana eta sagardo dastaketa egongo dira azoka aurrean. Gauean, ordea, DJak Korkoiburuen txosnan. Bihar eta etzi ere eutsiko diote egitarauari. Danborradak, antzerkia, herri jolasak, dantzaldia, zezen suzkoa… Ikusi egitaraua