San Juan ezin hobe dabil emakumeen EuskoTren Ligan. Sei estropadetatik seirak irabazi ditu. Orio ondoan izan du beti, baina atzetik.
Batelerak, atzo, Castroko Caixabank bandera airean. Argazkia: Josu Z.
Asteazkeneko Gipuzkoako Txapelketa buruan, asteburuko bi estropadetan berriz ere garaile izan da San Juan-Koxtapeko emakumeen trainerua. Orio izan du bietan hurbilen, Donostian larunbatean eta Castron atzo. Baina bietan atzetik, larunbatean 10 segundora eta atzo 4ra. Horiak ez daude oso urruti San Juanetik, baina banderen lehian beti ari dira Batelerak nagusitzen. EuskoTren Ligan seitik sei daramate Anartz Gereñok zuzentzen dituenak. Nork geldituko ditu? Momentuz inork.
Hurrengo asteburuan sasoia zeharo baldintzatuko duten bi estropada izango dira: larunbatean, Pasaiako badian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren II. Bandera izango da jokoan (18:00etan); igandean, berriz, aurtengo kontrario nagusiaren etxean, VI. Orioko Kanpina Bandera (11:45). EuskoTreneko sailkapen nagusia ia behin betiko erabakita uzteko aukera lukete arrosek berriz ere bi estropadak irabaziz gero: lehenak dira sanjuandarrak 24 punturekin, bigarren Orio 18rekin, eta hirugarren eta laugarren dira Donostia-Arraun eta Hondarribia hurrenez hurren 9na punturekin.
Gizonak
Eusko Label Ligan, San Pedrok bide egokitik darrai mailari eusteko borrokan, eta San Juanek, aldiz, urrats bat atzera egin du. Moreek 9. eta 8. egin dute hurrenez hurren Donostiako eta Castroko estropadetan, hau da, hainbat kontrario atzean uzteko dinamika onarekin ari dira. Eta horrek eragina du sailkapen nagusian, 9. direlako, eta 10. den Kaiku jada 8 puntura dutelako (nahiz eta atzoko estropadan bizkaitarren atzetik bukatu), 11. den San Juan 9ra, eta nabarmen azkena den Tiran 18ra. Hala ere, Kaiku eta Tiran esnatzen ari dira.
Eta Bizkaiko eta Galiziako bi traineru horien susperraldia, asteburukoa batez ere, San Juanen kalterako izan da. Bai larunbatean eta igandean, Kaiku lehenago iritsi da helmugara sanjuandarrak baino; atzo Tiran ere izan zen
Erreka-ren aurretik. Horrek eragin ezkorra izan du sailkapen nagusian, eta Kaikuk San Juan aurreratu egin du, puntu bategatik. Juan Mari Etxabek entrenatutakoek borroka latza izango dute liga bukatu artean Tiran eta Kaikurekin batez ere, play-off postuetatik ihes egiteko asmoz.
KAE Ligak
San Juan B sasoi ona egiten ari da KAE1 Ligan. Larunbatean, Pedreñan, bederatzigarren izan ziren hiru kontrario atzean utziz. Hibaika eta Portugalete nabarmen atzean ditu sailkapen nagusian, beraz, mailari eusteko lanean ez lukete arazorik izan behar sanjuandarrek.
KAE2 Ligako estropada atzo egin zuten Camargon. San Pedro B ondo aritu zen 14 traineruren artetik 9. sailkatuz. Oso gazteak dira
Kalparra ontzikoak, eta estropada guztietan zerbait ikasten ari dira, dena zaie baliagarri.