Mater Museoa: Natura babestea gure alde egitea da

Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda

Itsas ondarea eta haren balio kulturala transmititzeaz gain, itsasoa  zaindu eta babestea du helburu Itsas Gela elkarteak. Guztiona den ingurua ezagutzeko eta zaintzeko ekintzak antolatzen dituzte Mater Museoaren bitartez.

Itsasertzeko naturgunea aztertzen eta ezagutarazten, arazoak detektatu eta lantzen eta jendartearen kontzientziak pizten dihardu  Mater Museoak. Hamar urte daramatza jendartea naturara hurbiltzeko ahaleginean, ingurua denona dela eta, hortaz, ardura denona dela zabaldu nahian. Bultzatzen dituzten ekintzen artean itsas-ondoen zein itsas-ertzen azterketa eta garbiketa dira. Abuztuaren 3an, Pasai Donibaneko Alabortza kalara deitu dute jendea.

Hamar urte daramate Azterkosta izeneko proiektuan sartuta. Itsasertzaren ingurumen heziketari buruzko Europako programa bat da, Coastwatch izenekoa. Azterkosta Euskal Herrira egokitutako proiektua da, euskal kostalde osoan dagoena martxan. Hainbat elkartek kudeatzen dute, eta Mater Museotik Jaizkibel zein Uliako itsasertzak lantzen dira. «Itsasertzaren berezitasunak hobeto ezagutzeko, arazoak zabaltzeko eta itsasertzeko naturguneak babesteko laguntza tresna bat da, kontzientzia pizteko beharrezkoa ere badena», azaldu du Ane Alberdi Mater Museoko kideak.

Kala garbitzeaz gain, haren egoera aztertzen dute; datu biologikoak eta geologikoak bildu, ingurumenaren eragina behatu eta uraren analisia egin. «Kontua ez baita soilik zikinkeria jasotzea. Honek guztiak itsasoan, naturan, animaliengan zein guregan dakartzan ondorioak ezagutarazi eta haien jabe egitea baizik». Ingurua behatu eta aztertu ondoren, garbiketari eskaintzen diote tartea.

Egunerokoa eta denona

Ekoaktibitateak deitu dituzten jarduerak urte osoan zehar bultzatzen dituzte. Boluntarioentzat, hau da, edonorentzat bideratutako ekintzak dira. Kala garbiketak, ordea, udan hasi eta urrira bitarte egiten dituzte eta sei espaziotara mugitzen dira: Alabortza, Murgita, Artzu, Asturiaga, Erentzin eta Azabaratzako inguruetara, hain zuzen.

Bi orduko lanaldiak deitzen dituzte normalean, baina kala batzuetara iristeko oinezko ibilbidea egin behar denez, lau ordutara luzatu izan dituzte. Inguruko jendea animatzen da sarritan parte hartzera: donostiarrak, pasaitarrak, errenteriarrak… Batzuk lehen aldiz eta beste batzuk errepikatzera.

Aurten hilaren 6an egin dute Alabortzan lehen garbiketa. «Zikinkeria egunero-egunero iristen da itsasertzera eta pilatzen joaten da. Beti geratzen da zerbait hurrengorako. 100 pertsona joango bagina gutxiago geldituko litzateke, ziur, baina azkenekoan hamabost bat gerturatu ginen, eta hamar zakar poltsa atera genituen handik. Ez da gutxi». Donibaneko kalara, zehazki, Oiartzun ibaitik zein itsasotik iristen da zikinkeria. Bokalearen sarreran egoteak dena bertan pilatzea dakar. Harri azpian ere plastikoa agertzen dela kontatu du Alberdik.

Alabortzan egon ziren azkeneko aldian bidoi bat utzi zuten bertan, honako mezua idatzita zuela: «Kala hau garbitzera animatzen al zara? Erabil nazazu eta hurrengoarentzat hemen utzi. Pausoz pauso». Ardura denona dela eta denek egin dezaketela zerbait adierazi nahi dute horrekin, egun eta ordutegi zehatz horietatik at denok dutela egitekorik.

«Konponbidea, baina, ez da jasotzera mugatzen: zaborra ez botatzea eta ez sortzea da gakoa, eta horretara kontzientziatzea», nabarmendu du Ane Alberdik. Eguneroko ohituretan arreta jartzea gomendatu du; ur botila bat egunero erosi beharrean, kantinplora bat erabiltzea, adibidez.

Plastikoa errege

Azken azterketa eta garbiketan Alabortza «nahiko zikina» dagoela ondorioztatu du adituak. Plastikoa eta mikroplastikoak dira gehien aurkitzen direnak: Chupa Chups makilak, belarriak garbitzekoak, patata poltsak, kafearekin hartzen diren azukreen plastikoak, tabakoaren filtroak… Baita arrantzaleek erabiltzen dituzten sokak zein sareak ere, baina batik bat plastikoa.

Alberdiren hitzetan, uste baino kalte larriagoa egiten dio horrek guztiak ingurumenari: «Alde batetik kalte bisuala dago. Ez da batere erakargarri eta atsegina hondartzara joan eta plastikoz inguratuta egotea. Eta, bestalde, bizitzetan eragina duela. Itsasoko izaki bizidun guztientzat da kaltegarria orokorrean. Kalte fisikoak eragiten dizkiete hondakin horiek. Arazo larriena plastikoa da. Batzuetan zati mikroskopikoak dira, eta arrainek zein hegaztiek jan egiten dituzte beren elikagaiekin nahastuta. Batzuek gaixotu, besteak hil egiten dira».
Izaki bizidunei kalte egiteak pertsonei ere kalte egitea dakar, haietaz elikatzen baikara. «Finean, gure burua kutsatzen ari gara. Naturagatik bakarrik ez, planetagatik egiten dugu. Eta gu barne gaude, noski».

Hurrengo deialdiak

Hurrengo deialdiak
Abuztuak 3. Alabortza kalaren garbiketa (Pasai Donibane).
Irailak 24. Murgita kalaren garbiketa (Ulia).
Urriak 27. Artzu eta Asturiaga kalen garbiketa (Jaizkibel).
Azaroak 11. Erentzi kalaren garbiketa (Jaizkibel).
Azaroak 25. Azabaratza kalaren garbiketa (Jaizkibel).

Informazio guztia webgunean zein sare sozialetan zabaltzen dute.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend