Arraguako elkarteak 50 urte bete zituen urte hasieran. Jai Batzordearen proposamenez, eurek botako dute suziria
Juan Migel Ibargoien eta Maixus Lasa, Aldeguna elkartekoak.
Arraguako elkarteak 50 urte bete zituen urte hasieran. Jai Batzordearen proposamenez, eurek botako dute suziria. Maixus Lasa eta Juan Migel Ibargoien Aldegunako kide dira.
Festak, gehienbat, sentimendu eta emozioak dira. Zein sentsazio dituzue Aldegunako kide bezala?
Maixus Lasa: Errekonozimendu bat da. Ez bakarrik Aldegunari, baizik eta elkarte guztiei, auzoetan egiten duten lanari. Horrela funtzionatu du urte askotan, auzo bakoitzak bere elkartea du. Poza sentitzen dugu.
Juan Migel Ibargoien: Xanistebanak herriko jaiak dira, baina orain arte mugitu izan direnak elkarteak izan dira. Momentua iritsita, Aldegunak 50 urte bete eta tokatu zaigu. Zorionak bata eta besteei eman beharko dizkiegu.
Zenbat bazkide zarete Aldegunan?
Ibargoien: 86 gara orain. Gazte gutxiago daude, ez dakit beste modu batera ez duten bizitzen.
Lasa: Lehen ere, auzoetan bizitza gehiago egiten zen. Orain herrian egiten da bizitza, eta konturatzen gara gazteak gehiago igotzen direla hara. Hori ere asko aldatu da. Gazte ginenean gehiago gelditzen hemen. Hor auzoek asko egin dutela uste dut. Lehen auzoko eskolara joaten zinen, eta hemen gelditzen zinen. Lagun bat badaukat esaten duela ikastolarekin
globalizazioa etorri zela.
Elkarte hau auzolan bezala jaio zen. Behar batzuk ikusten ziren auzoan: errepidea konpondu behar zela eta abar.
Ibargoien: Udalak materiala jartzen zuen, eta igandetan gosari modukoa egiten zen, eta gero lanera. Orain bakoitzak bere martxa, bere indibidualidadea izan dezake.
Lasa: Orain exijitu egiten dugu; udalekoak etortzen etortzen dira eta ‘hau, hau eta hau’ egin behar da. Orain, berriro, hasi da pixka bat auzolanarekin. Gero elkartzeko toki bat izateko hartu zuten lokala, taberna-denda txiki bat besterik ez zegoelako.
Ibargoien: Hamabost bat urte edukiko genituen. Bageneukan ilusio bat, jaiak noiz iritsiko, eta zaharrago zirenei lagundu nahi izaten genien.
Lasa: Jaiak ere aldatu dira asko, baina beno, dena bezala.
Urtean zehar ekitaldiak egiten al dituzue? Festez gain, badago beste saltsarik?
Ibargoien: Orain pixka bat utzita dugu, baina lehen eguberrietan kantatzen genuen. Gero auzoko festak zetozen, eta gero xanistebanak eta hor gure ekarpena egiten dugu. Orain dantza txapelketa egiten dugu, baina lehen erromeria egiten genuen Urkaben.
Lasa: Azken urtetan auzoko jendea bakarrik igotzen ginen, eta utzi egin zen.
Hala ere, elkarte indartsua izan da. Batzorde pila bat genituen. Hirigintzakoa, adibidez, beharra zegoela ikusten zelako. Hipermerkatuak etorri ziren hona, eta kristoren
folloiak antolatzen ziren errepidean. Orduan hor ateratzen ginen gure pankartekin… [kar-kar].
Ibargoien: Emakume taldeak egon dira beti: hitzaldiak, ikastaroak… egiten zituzten.
Betidanik egon al dira emakumeak?
Lasa: Bai, bai. Ez dakit diru faltagatik-edo izango zen [kar-kar], baina beti egon dira emakumeak. Gogoratzen naiz nire ama-eta nola egiten zituzten hitzaldiak, auzoarentzako. Oraindik ere jarraitzen du emakume taldeak.
Ibargoien: Aldeguna elkartean beti egon dira komisio batzuk: kirolak, festak… Futbol txapelketa izaten genuen hemen. 30 talde zeuden, eta bakoitzak hamabost talde zituen… Jende pila biltzen zen hemen.
Vasco-navarroan parte hartzen genuen, hondartzako txapelketetan… Hemendik joaten ginen haurrekin.
86 zarete elkartean. Denak ez zarete udaletxeko balkoian sartuko?
Lasa: Ez, ez! Behean egon beharko du norbaitek…
Ibargoien: Nik ere nahiago dut behean egon. Txaloak egin beharko ditugu eta.
Arragua pixka bat aparte dago herritik…
Ibargoien: Izan liteke Oiartzungo azkeneko auzoa, edo Oreretako lehenengoa. Erdibidean dago.
Lasa: Errazago etortzen zaigu Errenteria. Autobusa badaukagu Oiartzunera, baina topoa oso ongi etorri zaigu. Ni behintzat Errenterian gehiago ibili naiz; Oiartzunera gehiago umeak edukita. Hala ere, Oiartzunen auzo guztiak separatuak. Hemen ere, zatitua dago. “Goiko
barriyokoak” eta “beheko
barriyokoak” esaten genuen.
Ibargoien: Obrak egin dira auzo honetan, eta hobetu du. Lehen zubi txiki bat pasatu behar zen, topotik jaisteko estrata txiki bat zegoen…
Lasa: Mobilizazioak egon ziren, eta goiko eta beheko jendeak parte hartu zuen. Gauza guztietan bezala, badago jendea saltsetan sartzea kostatzen zaiona eta besteei gutxiago.
Xanistebanetan zerbait berezia egiten al duzue?
Ibargoien: Afaltzea joan lehenengo egunean. Eta zuek, emakumeek, guk baino lan gehiago egiten duzue…
Lasa: Janaria prestatu, txosnetan txandak egin… Deitzen digutena.
Ibargoien: Gure arteko harremanak aspaldikoak dira. Haserretzen garela? Noizbehinka buila izaten dugu, baina hor barruko gauzak dira, betikoak. Hori bai, herrira iristen garenean, Komando Arragua deitzen digute [kar-kar].
50. urteurrenaren harira, zerbait berezia egingo al duzue?
Ibargoien: Truk txapelketa berezi bat egin genuen, logotipo bat sortu dugu, urte bukaeran ere egingo dugu…
Zuek hasieratik al zaudete elkartean? Ba al da lekukoa hartuko duenik?
Lasa: Elkarte bezala, gu ez ginen hasieran sartu, adinagatik. Gazte taldekoak ginen. Apaiz batek, nahiko jatorra zena, sortu zuen, eta taldea sortu zen. Gurekin zebiltzan batzuek 18 urte zituzten, eta beraiekin hasi ginen hurbiltzen.
Ibargoien: 16-17 urte genituen, eta gogo handia genuen sartzeko. Orain gogo hori pixka bat galdu dela uste dut…
Lasa: Beno, badaude gazteak. Orain dela bost urte sartu ziren gazte batzuk, eta gauzak asko aldatu dira, baita jaiak ere. Guri ere esan digute gauzak egiteko. Beraiek beste ilusio batekin etorri dira, eta lan egiteko gogoarekin. Elkarteak badu jarraipena.
Ibargoien: Niretzako, izan behar du beraiek lan egitea eta gu ondoan egotea, esku bat botatzen. Bere gustura egin behar dituzte gauzak, zer gustatzen zaien, zer dagoen gaur egun.
Lasa: Gauzak asko aldatu dira. Lehen dantzaldi bat antolatzen zenuen, eta jende pila etortzen zen. Orain gehiago da egunez, eta auzoarentzako. Adibidez, herri bazkari handi bat egiten dugu. Auzo txikia da, baina egiten dira gauzak.