Iritzia. Jone Elizalde (Pasaia): “Memoria histerikoa”

Jone Elizalde pasaitarrak iritzi artikulua bidali du HITZAra, abuztuaren 15ean (12:00etan) Orreaga Iritzi Taldeak Donibanen egitekoa duen ekitaldiaren harira. Hemen, hitzez hitz, Elizaldek esandakoak:

“Gatazkei aurre egiteko bi jarrera har ditzake norbanakoak: azalekoan geratu edo erraietara joan. Hau alor askotan antzematen da, esate baterako, medikuntzan. Badira medikuak sintomari erreparatu eta hau desagertzeko sendagaia ematen dutenak, eta
badira sintoma sorrarazten duenaren bila joaten saiatzen direnak.

Familia giroetan ere ohikoak izaten dira gurasoen kexak, haurrak gaizki lo, jan, negar edo jo gehiegi… egiten duela esanez, eta jokabide hauek aldatzeko, errezeta magikoaren bila dabiltzanak harago joan gabe.

Irakaskuntzan ezagutu ditut ikasleen jarrera desegokiak ikusirik, hauek zuzentzeko neurriak hartzen dituzten irakasleak, jarrera horien zergatien arrazoiak nondik etor daitezkeen aztertu ere egin gabe.

Duela gutxi Berria-n irakurritako artikulu batean idazleak gazteekiko bere kezka azaltzen zuen, hauek ez omen dute azken hamarkadetako historia ezagutzen, eta bakegintza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekotzat jotzen zuen gai hau eskoletako programetan sartzea. Gisa honetako adierazpenak ditugu etengabe hedabideetan, errepikatzearen poderioz, egia bihurtu nahian edo.

EAEko ikastetxe gehienetan, Nafarroako eta Iparraldeko egoera okerragoa delakoan nago, Euskal Herriko historiako azken urteez gain, Euskal Herriko HISTORIA irakastea falta da, eta hau gutxi ez, eta gazteei gure herria menderatu dutenen historia eta bertsioa irakasten zaie. Hau ez da harritzekoa curriculumetako azken hitza Madrilek eta Parisek dutela kontuan hartuta.

Azalekoan edo sintoman geratu gabe errora joatearen alde egin dezagun apustu. Miguel Angel Blanco eta GAL ezagutzera iristeko, 778. urtean Orreagan gertatutakotik hasi eta gaur arte gertatutakoak irakatsi beharko genituzke ikastetxe guztietan, azken hamarkadetan gertatutakoa ulertu ahal izateko. Ez dezagun guk geuk Euskal Herriaren memoria historikoa laburtu, berreskuratu beharreko historia ez baita 1936an, ezta diktadura garaian hasten.

Orreagan 778ko abuztuaren 15ean euskaldunek elkar hartuta etsaiaren kontra egin zuten, baita irabazi ere. Baina, tamalez, ez da beti horrela izan. Gure historian poztekoak baino, egun goibelak ugariagoak dira, eta sufritutako konkisten ondorioa da gaur egun daukaguna: herria bi estaturen menpe, hiru zati eginda.

Laster dugu urteurrena, euskaldun guztiok ospatu beharreko eguna, norberak egin dezala honetarako leku eta moduaren hautua. Orreaga taldeak Pasai Donibanen gogoratu eta omenduko ditu gure herriaren alde borrokatu zutenak. Abuztuaren 15ean izango da hori, 12:00etan.

Bertan, herri honek merezi duen memoria historikoaren alde bilduko gara askatasunaren eguna aldarrikatzeko, eta gure asabek hasitako aberri bideari jarraitzeko; askatasuna delako bakearen ezinbesteko baldintza”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend