[Galeria] Oiartzungo urteko astebururik luzeena hasi da
Aldeguna elkarteko kideek bota dute xanistebanei hasiera emateko suziria; astelehenera arte festa giroa nagusi izango da
Hasi dira 2018ko xanistebanak. Aldeguna elkarteko kideentzat izan da suziria botatzeko ohorea. Arraguako elkarteko lau kidek izan dute festa giroa pizteko ardura, baina elkarteko —ia— 86 bazkideek lagundu dituzte udaletxeko balkoietan. Bada plazan animatzen gelditu denik. Elkartearen mende erdiari errepaso txiki bat eman diote, eta hasieratik gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatu dutela nabarmendu dute. Xanistebanekin gozatu ezin dituztenak gogorarazi dituzte, Arragua, herria, Oiartzun eta xanistebanei bibaka hasi aurretik. Lehenago, ohi bezala, Oiartzungo Udalbatzak sokadantza dantzatu du plazan, eta hankak arin mugitzeko saiakerak txalo artean saritu dituzte oiartzuarrek. Aurtengo gonbidatua herriko mugimendu feminista izan da. Agurra dantzatu diete zinegotziek, eta ondoren elkarrekin dantzatu dituzte fandangoa eta arin-arina. Gauean afariak eta parranda giroa izango dira nagusi. Beroarekin kontuz ibili beharko da, erraz sartuko baitira edariak. Nahi duenak Tximeleta taldearekin dantzaldia du gauerditik aurrera, plazan. Bestela, beti geratuko dira txosna eta tabernak. Eta bihar, biharkoak: ahal duenak, ahal duena.