Gazteen Eguna ospatu dute Oiartzunen, xanistebanen azkenaurreko egunean; xanistebanetako klasika ere lehiatu dute, beste hainbat ekitaldiren artean
Ederki pasatu dute kuadrillen arteko jolasetan.
Horia izan da gaur Oiartzun. Ez bakarrik gogor jo duen eguzkiaren kolorea delako (guk ikusten duguna behintzat), baizik eta Gazteen Bazkaria ospatzeko hautatutako kolorea izan delako. Ehunka gazte bildu dira Done Eztebe plazan, paella eta oilaskoa jateko. Ongi bazkalduta, jokoen eta parrandaren txanda iritsi da. Auskalo noiz bukatuko den…
Protagonista nagusiak beraiek diren arren, ez dira bakarrak. Goizean, bolo eta toka txapelketa egin dute Gazte Izanak-en egoitzaren ondoan. Mindarakoek, berriz, haurrak sentsibilizatzen aritu dira, jolasen bitartez.
Eguerdi partean, kantu kantari aritu dira, xirolarru jotzaileek urteroko zita berritu dute.
Omenaldia, ziklismoan
Txirrindularitzako LXXI. Xanisteban Saria jokatu dute Oiartzun eta inguruetan. Javier Gil izan da onena, esprint itxi batean, baina nabarmenena Joxe Mari Azurmendiri egin dioten omenaldia izan da.
Ekainaren 18an hil zen, eta sariaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Haren alargun Arantxa Madariagari eta semeei agurra dantzatu diete.
Kirolarekin jarraituz, pala txapelketako finalak jokatu dituzte kontzejupean. Gainera, Madalensoron pilotari profesionalen partidak ikusteko aukera izan da.
Arratserako ekitaldi dezente antolatu dituzte. Bihar azkeneko eguna izango da (
hemen egitaraua), eta beste bazkari jendetsu bat egingo dute. Bitartean, gazteek egin behar dutena egingo dute: gazte izan.