Arkume jatea izan da eguneko plater nagusia; gorriz jantzitako ehunka pertsona Done Eztebe plazaren jabe egin dira
Beroari aurre egiteko metodoak asmatu behar izan dituzte gaur.
Lehenbiziko bala abesten zuen Negu Gorriak taldeak. Gaur, uda gorri bete-betean, azkeneko bala gastatzen ari dira Oiartzunen. Xanistebanei ordu batzuk besterik ez zaizkie falta, baina intentsitate handiz aprobetxatzen ari dira. Batez ere, kamiseta gorria jantzita duen batzuek.
Kolore hori hautatu dute aurtengo arkume jatea ospatzeko. Goizetik Done Eztebe plaza gorriz margotzen hasi dira, pixkanaka-pixkanaka. Dena prestatzen aritu dira. Kuadrilletakoak mahaiak eta karpak jartzen, eta sukaldariak paella eta arkumearekin. Bai, gezurra badirudi ere, bero honekin ez dira bakarrik egin. Poteoaren ondoren, ilaran jarri eta bakoitza bere tokiaren bila joan da. Bazkaldu ondoren, dena jaso, eta Igandea Txarangaren atzetik bueltaka ibili dira. Otorduan irabazitako pisua izerditan galdu dute.
Danborrada
Arkume jatea eguneko ekitaldi indartsuena izan bada ere, egon da beste ekitaldietarako tarterik, ohi bezala. Goizean haurren danborrada egin dute, eta erraldoiak azkeneko aldiz atera dira, baita Herri Musikaren Txokokoak ere. Gainera, Oiarperen pilota txapelketako finalak jokatu dituzte kontzejupean.
Arratsaldean, Haurtzaroko patioan jolas ikusgarrietan parte hartzeko aukera izan dute txikienek, baita txokolate hartzeko eta haziekin ibiltzeko ere.
Arratsean, Hiru, Bi, Band eta Altxa Porru igoko dira plazako oholtzara. 23:30ean zezen suzkoa aterako da. Aprobetxatu eta ongi pasa, falta den apurrean.