Herritarrentzako bi karga puntu doako jarri ditu, bestalde, Merkatuzar aparkaleku publikoan.
Merkatuzar aparkaleku publikoan jarri ditu udalak karga puntuak.
Ibilgailu elektriko bat erosi du udalak Hiri Mantenuko departamenduarentzat. Helburua, mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egitea da, eta ez da horri begira egindako inbertsio bakarra, izan ere, herritarrek bi karga puntu izango dituzte eskura Merkatuzar aparkaleku publikoan. Karga gaitasuna erdi azkarra dela zehaztu dute udaletik, 22 kwko potentzia du eta Mennekes hargunea erabiltzen du, eta 16 Ako schuko entxufea ere bada bertan.
Karga doakoa da, erabiltzaileek beraz, aparkalekuaren prezioa besterik ez dute ordaindu beharko.
Ibilgailuari dagokionez, 300 km-ko autonomia dauka, eta 19.870 euro ordaindu ditu udalak. Bi karga puntuak martxan jartzeko, berriz, 8.62 euroko inbertsioa egin du. Errenterian egiten den isurpen gehiena mugikortasun alorrarekin lotuta dagoela zehaztu du udalak, bestalde, “erregaiaren kontsumotik eratorria, batez ere”. Gogorarazi du gainera, ordenantza fiskaletan ibilgailu elektriko eta hibridoentzat hobariak aurreikusten dituela. Zehazki, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren %50eko hobaria eska daiteke, eta gehienez ere, ibilgailu berriaren lehen bi urteetan ezarriko da hobari hori.