Radarra Elias Salaberria kalean eta Jaizkibel hiribidean jarriko dute, txandaka. Abiaduraren berri ematen duen pantaila izango du.
Honakoa da radarra.
Txandaka hiru tokitan jarriko dute radar mugikor bat Lezon. Udalak erabaki du ibilgailuen abiadura neurtzeko euskarria Elias Salaberria kalean eta Jaizkibel hiribideko bi tokitan jartzea, txandaka. Informazio radarra izango da, “udalaren helburua ez da herritarrak isuntzea, ezta etekin ekonomikoa lortzea ere”. Hau da, ibilgailuen abiadura unean ematen duen radarra izango da.
Lezon gehien erabiltzen diren guneetan jarriko dute radar mugikorra. Lehentasun bezala, Lezo Herri Eskolaren ingurua jarri dute, izan ere, aurki eskola ikasturtea hastekoa baita, eta ibilgailuek eskola eremu ondoan abiadura murrizteko neurri bezala jarriko du udalak, haurren eta haien laguntzaileen segurtasuna bermatzeko.
Udalak esan duenez, euren helburuetakoa da pertsonen ongizatea, eta bide horretan, oinezkoei lehentasuna eman nahi die motordun ibilgailuen aurrean. Horri begira, radarra ezartzeaz gain, zebra bideak altueran jarri dituzte aurretik, baita herriko hainbat espaloi egokitu ere.